HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 8

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezinbestekoa da munduan galbideak gertatzea, baina dohakabea inoren sinesmena galbidean jartzen duena! Hobe luke errotarria lepotik lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetakoren bat galbidean jartzea baino.

Ibili kontuz! Zure senideak bekatu egiten badu, egiozu haserre, eta, damutzen bada, barkatu. Eta egunean zazpi aldiz zure kontra bekatu egiten badu eta zazpi aldiz etortzen bazaizu “damu dut” esanez, barkatu».

Apostoluek esan zioten Jaunari: «Handitu sinesmena gugan». Jaunak erantzun zien: «Sinesmena bazenute, mostaza hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi “atera hortik eta landatu itsasoan” esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke».

§ Lukas 17, 1-6.

Jesusek mugarik gabeko barkamenaz hitz egiten digu. Jokabide zaila da eta, hala jokatzeko, fedea handitu behar dugu, horixe eskatzen baitiote ikasleek Jesusi. Jesusek gogorarazten digu gure hitzen, jarreren eta ekintzen jakitun eta jabe izan behar dugula. Gaur egun, eragin positiboa edo negatiboa izan dezaket beste pertsona batzuengan. Zer aukeratzen dut?

Une batez, pentsa ezazu barkatzea kostatzen zaizun pertsona horiengan. Inoiz mindu zaituztenak al dira? Zu baino ahulagoak diren pertsonak eskandalizatu dituzula uste duzu?

Har ezazu jarrera apala Jainkoaren aurrean barkamena eskatzeko eta, gero, pentsa ezazu zer sentitu duzun. Barkatuta zaudela sentitu duzu? Bakez bete zaitu?

Jesusen eskandaluari buruzko hitz gogor horiek elizan eta gizartean hainbeste kalte eta eztabaida eragin duen eta eragiten jarraitzen duen haur-abusuaren esperientzia mingarria gogorarazten digute.

Egin dezagun otoitz barkamena eta damua eskatzeko, eta pertsonak eta bekatu-egiturak modu eraginkorrez sendatzeko.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.