HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Irabaz itzazue adiskideak bidegabeko diruaz; horrela, dirua amaitzean, betiko bizilekuan hartuko zaituzte Jainkoak. Gauza txikietan fidagarri dena, handietan ere fidagarri da, eta gauza txikietan zuzengabe dena, handietan ere zuzengabe. Bidegabeko dirua erabiltzen fidatzekoak izan ez bazarete, nork utzi zuen esku egiazko ondasuna? Zeuena ez duzuen aberastasunarekin fidatzekoak izan ez bazarete, nork eman zuei benetan dagokizuena?

Ezin da morroi bat bi nagusiren zerbitzari izan. Izan ere, bata gorroto izango du, eta bestea maite; edota bati leial izango zaio, eta bestea ez du aintzat hartuko. Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi».

Entzun zuten hau guztia fariseu diruzaleek, eta barre egiten zioten Jesusi. Honek esan zien: «Zuek zeuen burua zintzo agertzen duzue jendearen aurrean, baina ezagutzen du Jainkoak zuen barrua; izan ere, gizakiak baliotsutzat daukana, Jainkoarentzat mespretxagarri da».

§ Lukas, 16, 9-15.

Ebanjelioak fariseuen uste eta jokabideekin talka egiten duten hainbat aholku eskaintzen dizkigu, gizartean nagusi zen diruaren gaineko balioaren gainekoak, hain zuzen ere.

“Diruaren lagunek” barre egiten zioten Jesusi. Erraz imajina ditzakegu iseka horiek: “Ez da hainbesterako”, “Ez dago zertan horrela jarri”, “Jainkoarenganako maitasuna eta diruaren interesa uztartu daitezke”. Baina Jesusek irmo azpimarratzen du Jainkoa zerbitzatzea eta dirua zerbitzatzea bateraezinak direla. “Dirua zerbitzatzeak” zera esan nahi du: dirua jainko bihurtzea, bizitza dirua balio nagusitzat hartuta antolatzea. Aukera horrek dirua pertsonen gainetik jartzea ekar dezake eta askotan, lan munduan adibidez, pertsonen esplotaziora eraman gaitzake.

Horregatik, Jesusen jarraitzaileok, egin dezagun otoitz gure errekurtso ekonomikoak lagun hurkoari laguntzeko erabiltzeko esku-zabaltasuna izan dezagun.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.