HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 5

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Gizon aberats batek etxezain bat zuen, eta hau ondasunak alferrik galtzen ari zitzaiola salatu zioten.

Deitu eta esan zion: “Zer da zutaz entzun dudan hori? Emadazu etxezaintzaren kontu, kargutik bota egiten zaitut eta”.

Etxezainak, orduan, hau zioen bere baitan: “Zer egin behar dut nik orain, nagusiak kargua kentzen didanez gero? Aitzurrerako ez naiz gauza, eta eskerako lotsa naiz. Badakit zer egin, kargutik botatzen nautelarik etxean nork hartu izan dezadan”.

Banan-banan bere nagusiaren zordun guztiei deitu eta lehenengoari galdetu zion: “Zenbat zor diozu nire nagusiari?” Hark erantzun: “Ehun upel olio”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; agudo, eseri eta idatzi berrogeita hamar”. Gero, hurrengoari galdetu zion: “Zuk zenbat zor diozu?” Hark erantzun: “Ehun anega gari”. Etxezainak, orduan: “Hona zeure ordain-agiria; idatzi laurogei”.

Eta nagusiak txalotu egin zuen etxezain zuzengabe hura, zuhur jokatu zuelako. Izan ere, mundukoak zuhurrago dira beren arteko arazoetan, argitakoak berenetan baino».

§ Lukas 16, 1-8.

Jesusek, parabola honen bidez, hausnarketara bultzatzen gaitu: gu ere Jainkoaren aurrean nola gauden aztertzera. Batzuetan, gure ahuleziek Jainkoak ematen dizkigun dohainak alferrik galtzen dituzte. Azkenean, gure Jainkoa jainko errukitsua da, eta beragandik datorkigu barkamena.

Baliteke nagusiak etxezaina zoriontzea bitxia iruditzea, administratzaileak erakutsitako irudimena, energia eta konpromisoa balioesten dituela konturatu arte.

Pentsa dezadan nola erabil dezakedan irudimena beste batzuen zerbitzura jartzeko, Ebanjelioaren izenean.

Jesusek dio pertsona maltzur eta lotsagabeengandik ere ikas dezakegula. Administratzailea, esaterako, berehala egokitzen da krisira.

Krisiak eragiten didanean, Jainkoarengana jotzen dut eta zer egin dezakedan ikusten dut, ala krisiak nire bizitza hondatu dezan uzten dut?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.