HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 4

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin».

Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez al da beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galdutakoaren bila joaten aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxera iristean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia”.

Hara Nik esan: Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihotzberritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino.

Eta zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako txanpona”.

Hara Nik esan: Berdin pozten da Jainkoa bere aingeruekin bihotz-berritzen den bekatari batengatik».

§ Lukas 15, 1-10.

Une batez, pentsa ezazu zer egiten duzun galdu duzun zerbait aurkitzeko. Normalean, zenbat eta baliotsuagoa izan galdutakoa hainbat eta ahalegin handiagoa egiten da bilatzen. Jesusek horren bi adibide eskaintzen dizkigu eta bilatzen ari direna aurkitzen dutenean nolako poza hartzen duten helarazten digu. Adibide horien bidez, Jesusek argi erakutsi nahi digu Jainkoa nola dabilen gure bila eta zein poz handia hartzen duen Berarekiko adiskidetasuna berritzen dugunean. Behin ohartuta Jesusek gure adiskidetasunari ematen dion balioaz, lagungarria izan daiteke tarteren bat hartzea otoitz egiteko, berarentzat zein preziatuak garen ikusi, sentitu eta eskertzeko.

Jesusek fariseu eta lege-maisuek egiten dioten epaiketari mezu argi batekin erantzuten dio: Jainkoak bekatariekin topo egin eta bihotz-berritze prozesua egiten duenaren poza azaltzen du. Jainkoak bete-betean onartzen ditu, epaiketa alde batera utzita, eta aukera berriak eskaintzen dizkie. Kontakizunaren helburua da Jainkoaren pozarekin bat egitea eta besoak zabalik edukitzea, baita bizitzako bidean noraezean dabiltzanentzat ere.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.