HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 3

Aldi hartan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, haiengana bihurturik, esan zien: «Norbaitek nirekin etorri nahi badu, eta bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak, eta bere burua bera baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikasle. Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle.

Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, eseri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko lain ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren ezin bukatuko balu, hori ikustean barre egingo liokete denek, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik bukatu”.

Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, eseri eta ez du aldez aurretik deliberatzen, ea hamar mila gizon aski dituen, hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, artean bestea urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz.

Era berean, zuetako inor ez daiteke nire ikasle izan, dituen guztiei uko egiten ez badie».

§ Lukas 14, 25-33.

Jesusi entzutea inspiratzailea, bake iturria, aberasgarria, itxaropen sortzailea izan daiteke, baina baita oso desafiatzailea ere. Jesusek zintzotasunez jokatzen du oraingo honetan ere berari jarraitzeak zer esan nahi duen azaltzen duenean. Ez da bere etorkizuneko jarraitzaileei ezer ezkutatzen saiatzen.

Jesusek maitasun mugagabearen oinarria eskaintzen digu. Esperientzia hori duenari esker ona barru-barrutik ateratzen zaio eta Jesusi jarraitzeko grina sortzen zaio. Berez, Jesusek galdera zuzena egiten digu: zeri uko egiteko prest gaude berari jarraitzeko?

Jarraitzeak norbere burua hiltzea esan nahi du, baina hiltzeak bizia ematen du… Nola sentitzen naiz baieztapen horren aurrean?

Ba al dago horri tinko eusten laguntzen didanik eta Jesusi jarraitzea eragozten didanik?

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.