HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Azaroak 2
Eguerdian lurralde hura guztia ilunpean gelditu zen, arratsalde erdia arte. Eta arratsalde erdian Jesusek oihu handiz esan zuen: «Eloi, Eloi, lema sabaktani» –hau da: «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu eskutik?»–. Han zeuden batzuek, hau entzutean, zioten:
«Eliasi deika ari da». Eta batek, lasterka joan, belaki bat ozpinetan busti eta, kanabera-muturrean jarrita, edateko eman zion, esanez: «Utziozue; ikus dezagun, ea etortzen zaion Elias, gurutzetik jaistera». Eta Jesusek, deiadar handi bat eginez, azken arnasa eman zuen.
Jauretxeko oihala erdibi egin zen goitik beheraino. Haren aurrez aurre zegoen gudari ehuntariak, berriz, era horretan hil zela ikustean, esan zuen: «Gizon hau, benetan, Jainkoaren Semea zen».
Bazeuden han, urrutitik begira, emakume batzuk ere; haien artean, Maria Magdalena, Santiago gaztearen eta Joseren ama Maria, eta Salome –Jesus Galilean ibili zenean, laguntzaile eta zerbitzari izaten zituenak– eta beste emakume asko, Jesusekin batean Jerusalemera igo zirenak. Ilunabarrean, Prestaera Eguna, larunbat-bezpera, zelako, etorri zen Arimateako Jose –Batzarreko gizon argia, Jainkoaren erreinua itxaro zuena bera ere–, eta ausardiaz Pilatogana joan zen, Jesusen gorpua eskatzera.
Harritu zen Pilato, ordurako hila zelako, eta, ehuntariari dei eginez, aspaldi hil al zen galdetu zion. Ehuntariaren erantzuna jakin zuenean, utzi zion gorpua Joseri. Honek, izara bat erosi eta, gurutzetik jaitsirik, izaran bildu zuen; harkaitz bizian zulatutako hilobi batean ipini eta, hilobiko sarreran, harri biribil bat ezarri. Maria Magdalena eta Joseren Maria begira zeuden non jartzen zuten.
§ Markos 15, 33-39; 16, 1-6.
Ilunpea, zailtasuna, bakardadea… agertzen digun Ebanjelio zati honen beste alderdi hau ere azpimarratu dezagun: une edo bizipen horiek egiazko Argia sortzeko aukera direla. Beste hitz batzuetan esanda, ez gelditu garrasian, ezinean, etsipenean, jo sakonera, zabaldu ikuspegia, ez zaude bakarrik, ahal duzu, zurekin nauzu. Behar bada gure baitako ‘oihala’ ere ‘goitik beheraino erdibi’ egin behar da, bizi dugun une gogor horretan gelditu ez gaitezen, gizon-emakume argi eta argiz beteak izanik, ausardiaz Bizi berria itxaron dezagun. Geuk ere Jainkoari laguntza eta babesa eskatuz dei egin diezaiokegu, “Ene Jainko, ene Jainko, zergatik…”, eta dei horretan Jesus Bera aurkitu. Eta, aldi berean, Berri Onak beste hau ere esaten digu: eman eskerrak zure ondoan dituzun hainbeste Maria Magdalena, Maria eta Salomeri; eta ez ahaztu zure inguruan egoera gordinak eta garrasi ozenak daudela eta zu haientzat Argi zarela.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.