HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 29

Aldi hartan, larunbat batean, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. Ur-mina zuen gizon bat zegoen han Jesusen aurrean. Jesusek, orduan, lege-maisu eta fariseuei galdetu zien: «Zilegi da larunbatez sendatzea ala ez?» Haiek isilik gelditu ziren.

Orduan, Jesusek, gaixoa eskutik hartu, sendatu eta bidali egin zuen. Gero, haiei esan zien: «Zuetako nork, semea nahiz idia putzura erortzen bazaio, ez du berehala ateratzen, larunbata izanagatik?» Ezin izan zioten erantzun.

§ Lukas 14, 1-6.

Jesus bera itota sentitzen da araua edo legea bizitza bera baino lehen jartzen bada. Eta ezin du onartu bere jarraitzaile direla esaten dutenek zauri eta heriotza gehiago sortzea eta hitza bihurritzea. Pedagogo bikaina denez, jarrera horiek apurtzeko, ustekabeko bidea hartzen du: norberak erantzun beharreko galdera baten aurrean kokatzen gaitu eta inplikazioa eskatzen digu.

Horrek, askotan, deskolokatu egin gaitzake; baina Jesusek garbi azaltzen digu ebanjelioaren arabera bizitzea, hazteko bide nagusietako bat, zehazturik eta ezarrita ez dauden erantzunak bilatzea dela. Zorionez, Ebanjelioa ez da eskuliburu itxi bat, bizitzako bideak urratzeko dei zehatza eta garbia baizik. Egoera zail, ilun eta ezezagunetan, Jesusen mezutik sortzen diren bizitzaz beteko pauso berriak hauteman beharko ditugu. Hortxe uzten digu erronka eta eginkizuna.

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.