HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 27

Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera bidean zihoala, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakasten zuen.

Batek esan zion: «Jauna, gutxi al dira salbatzen direnak?» Jesusek erantzun zien: «Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz esan, askok sartu nahi izango du, baina ezin izango da sartu. Etxeko jaunak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarete: “Ireki, Jauna!” Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten”.

Zuek, orduan, honela hasiko zatzaizkiote: “Zurekin jan eta edan izan dugu, eta Zuk gure plazetan irakatsi izan duzu”. Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten. Alde nigandik, gaizkileok!”

Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, berriz, jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian eseriko dira. Begira: orain azkeneko den zenbait lehenengo izango da, eta lehenengo den zenbait azkeneko».

§ Lukas 13, 22-30.

Teoria jakiteak, titularrak emateak ez dauka indar handirik, baldin eta jakintza hori bizitzatik sortzen ez bada. Gutxiago, oraindik, besteak baino gehiago garela sentiarazten badigu eta itsutzen bagaitu.

Jesus berehala konturatu zen berari jarraitzen ziotenek, berak aukeratuek ere, arrisku hori bazeukatela. Gaitz eta bekatu hori errotik erausi nahian, hitz irmoak erabili zituen: “Esango didazue…, baina nik erantzungo…”. Eta hori gutxi ez eta, zalantza izpirik sor ez dadin, babesten dugun ordena ‘logikoa’ aldatuko digu: lehenengoa azkenekoa izango da eta azkenekoa, lehenengoa.

Erne egoteko eta konpromisorako deia da, alde batetik; eta, itxaropenerako deia, bestetik. Jesusek ez digu eskatzen beraren mezua jakiteko, ahalik eta koherentzia gehienean bizitzeko baizik. Eta, bestetik, garbi utzi digu berarekin bat egiteko aukera, han eta hemen, denentzat zabalik dagoela eta ez batzuentzat bakarrik.

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.