HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 25

Aldi hartan, larunbatez sinagoga batean irakasten ari zen Jesus. Bazen han emakume bat, hemezortzi urte haietan espiritu baten menpe gaixo zegoena; erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.

Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakume, libre zara zeure gaitzetik». Eskuak ezarri zizkion, eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi.

Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatean sendatu zuelako haserre, esan zion jendeari: «Astean sei egun daude lanerako; etorri egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean».

Jaunak erantzun zion: «Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez idia nahiz astoa ukuilutik askatzen eta ura edatera eramaten? Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?»

Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik geratu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoen hark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.

§ Lukas 13, 10-17.

Bartimeo ikusi nahi duen itsuaren eredu bada, sinagogako burua eta jarraitzen diotenak ikusten dutela sinesten duten itsuen eredu dira. Haien itsukeria agerian gelditzen da, Jesusek egindako ongiak haserrea sorrarazten baitie. Itsukeriak eragotzi egiten die ulertzea Jainkoaren Legearen muina lagun hurkoari laguntzea dela. Larunbata gordetzeko agindua gizakion onerako emana da, baina ezin da gizakiari behar duenean ez laguntzeko aitzakia bihurtu. Gainera, handiki horien itsukeria arriskutsua da, bihotz-gogor bihurtzen dituelako. Sufritzen duenarekiko errukirik gabe jokatzen dute, zurikeriaz; izan ere, norberaren interesak jokoan badaude, larunbata gordetzeko agindua ez betetzeko arrazoiak erraz bilatzen dituzte. Itsukeria horretan, alabaina, Graziak presente jarraitzen du Jesusen erantzunak sortzen dien lotsak erakusten duenez. Lotsa hori bihurtzen hasteko lehenengo urrats izan liteke.

Kristoren aurrean: Eskatu nire ekintza txarrez jabetzeko eta haiengatik lotsa sentitzeko gaitasuna; baita Jesusen modura ikusten, sentitzen eta jokatzen ikasteko gaitasuna ere.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.