HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 23

Aldi hartan, etorri zitzaizkion batzuk Jesusi, galilear batzuei gertatuaren berri ematera: nola Pilatok hil zituen, eskaintzen ari ziren oparien odolarekin haiena nahastuz. Jesusek erantzun zien:

«Uste al duzue galilear haiek gainerako galilearrak baino bekatariago zirela, horrelako heriotza izan zutelako? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete. Eta Siloeko dorrea gainera erorita hil ziren hemezortzi haiek, uste al duzue gainerako jerusalemdarrak baino errudunagoak zirela? Ezetz diotsuet, eta, bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok era berean galduko zarete».

Eta parabola hau esan zien: «Gizon batek pikondo bat zeukan, bere mahastian landatua. Joan zen piku bila eta ez zuen aurkitu. Orduan, esan zion mahastizainari: “Bada hiru urte pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut aurkitzen. Motz ezazu. Zertako eduki hor, lurra alferrik jaten?”

Mahastizainak, ordea, erantzun zion: “Jauna, utzazu aurtengoz; bitartean, ingurua aitzurtu eta ongarria botako diot, ea aurrerantzean fruiturik ematen duen; eta bestela, moztu”».

§ Lukas 13, 1-9.

Bekatua gizaki orori eragiten dion gaitza da, inor ez da libratzen horretatik. Bekatari naizela ulertzea lagun hurkoarekin bakera iristeko modua da. Izan ere, horretaz jabetuta, epaiketa eta jarrera baztertzaileak saihestea errazagoa da. Ebanjelioaren ikuspegitik, geure burua bekatari aitortzeak ez digu inolako zorigaitzik ekarri behar. Gogoan izan dezagun Jainkoaren bihotza errukiz betea dela beti. Gaurko ebanjelioak erakusten digu Jesus gure alde eskatzeko eta Jainkoa guri beste aukera bat emateko prest daudela. Behin eta berriro dei egingo digu Jainkoak, behin eta berriro izango dugu zain. Guri dagokigu erantzutea; gure esku dago bihotz-berritzea eta gonbita onartzea, Jainkoaren Erreinura hurbiltzea, eta Jainkoaren Graziari bihotza zabaltzea, horrela fruitu on eta ugari eman ditzagun.

Kristoren aurrean: eskatu Jesusen proiektuarekiko maitasunean hazteko eta horretan jarduteko oztopoak gainditzen laguntzeko.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.