Zezék nagusiek eragindako sufrimendua eta mespretxuak deskribatzen dizkigu.

2021 Urr 22

José Mauro de Vasconcelos (1968). Mi planta de naranja lima. Editorial Atenea. 

Noizean behin, beharbada askotan, literaturak opari ederrak eskaintzen dizkigu. Gozatzeko, amesteko, ikasteko, arazoetatik urruntzeko, ezkutuko errealitateetara hurbiltzeko edo gure barneak ezagutzeko aukera paregabeakematen dizkigu. Literaturaren historia zabalean, istorio, narrazio, poema eta kontakizun esanguratsu asko daude. Idazle bakoitzak asmatutako istorioek, gainera, interpretazio anitzak izan ditzakete: irakurle bakoitzeko bat, akaso.

Kultur leihoak” deitu dugun atal honek aukera ematen dit literaturaren zeru aberats horretara hurbiltzeko begirada berezi batetik: fedearen begiradatik. Errespetuz hurbiltzeko asmoa daukat, leiho guztiak, dakigun bezala, kanpoko eta barruko munduetara zabaltzen diren zirrikituak baitira.

Nire lehen argitalpen honetan, Jose Mauro de Vasconcelosek 1968an argitaratutako Mi planta de naranja lima (“El Ateneo” editorialean) eleberriaren irakurketa pertsonala hurbildu nahi dizuet. Edozein irakurlerengan jakin-mina eragiten duen haur baten istorio hunkigarria da, lirikoa eta ederra, sentiberatasunez, maitasunez, samurtasunez idatzitakoa. Protagonistak berak, Zezék, ahots zuzena eta argia erabiliz, nagusiek eragindako sufrimendua eta mespretxuak deskribatzen dizkigu; ulertzen ez duen mundu hori hurbiltzen digu: minaren eta bakardadearen mundu arraro, sakon eta korapilotsua, inguruko pobreziagatik garaituak sentitzen diren nagusien haserreak eta itzal beltzak.

Zezék erakusten digu haurtzaroaren legeek munduan eragiteko botere berezia izan dezaketela, merezi duten arretaz eta errespetuz begiratuz gero. Fabelen espazioan, nagusien mundu krudelaren aurrean, bere irudimenak errealitatea koloreztatzeko ahalegina egiten du.

Eleberri honen autoreak oihartzun handiko irakatsi honen esanahia gogorarazi nahi digu “Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko”. Zezéren, eta oro har, haurren ilusio zintzoak helduek sortu dituzten hormak suntsi ditzakeelako.