HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 22

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Sartaldean lainoa ikusi orduko, “euria dator” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Hegoak jotzen duenean, berriz, “sargori dago” esaten duzue, eta hala gertatzen da. Itxurazaleok! Badakizue zeru-lurren itxurari antzematen, eta nolaz ez diozue antzematen garai honi? Zergatik ez duzue zeuen kabuz bereizten zuzena zer den?

Zeure etsaiarekin auzitegira zoazela, saia zaitez bidean harekin konponbidea aurkitzen; bestela, epaileagana eramango zaitu eta epaileak ertzainaren esku jarriko, eta ertzainak kartzelara botako. Hara Nik esan: ez zara handik aterako, azken xentimoa ordaindu arte».

§ Lukas 12 54-59.

Gaurko ebanjelioaren arabera, gizakiak badaki zer dagoen ondo eta zer gaizki, zer den bidezkoa eta zer ez, badu horretarako gaitasun nahikorik. Gure ekintzen ondorioei eta errealitatearen “seinaleei” erreparatzea funtsezkoa da bereizketa hori ondo egiteko. Arazoa sortzen da begiratu nahi ez badugu edo gaizki egiten duguna justifikatzeko arrazoiak bilatzeari ekiten badiogu. Ebanjelioak jarrera zintzoa, egiazkoa, fidela eskatzen digu; eta gure aukera eta ekintzen arduradun garela gogorarazten digu. Erantzukizun horretaz jabetzeak justiziaz jokatzea errazten du, eta lagun hurkoarekin eta Jainkoarekin bakera iristeko bidea ere ematen digu, epaiketaren garaia iritsi aurretik.

Kristoren aurrean: konturatzen naiz zer dagoen gaizki, hala jokatzen dudanean? Halako jarrerak sor ditzakeen kalteen erantzule sentitzen naiz?… Kristori eskatu nire kontzientzia eta buru argitasuna areagotu ditzala.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.