Bat

2021 Urr 22

Duela urte batzuk, hilabete luzeetan zehar etxean sarturik ibili nintzen, buru belarri tesia idazten, eguna joan eguna etorri. Uda-udazken garaia zen eta soilik hondartzara ateratzen nintzen, bainu freskagarri bat hartu ta buelta berriro ordenagailu aurrera.

Urriko goiz epel batean eguzki ederra ageri zen zeruan eta ez nuen galdu nahi izan bainu indar-berritzaile bat hartzeko abagunea, ziurrenik azkenetarikoa eguraldia hoztu aurretik. Marea behean, erreka oinez gurutzatu eta Karraspioko ur garbietan murgildu nintzen, itsasoari eskertuaz pantailaren uhin energia-jaleak gainetik kentzeko aukera berri hau. Uretatik ateratzean, arreta irlako haitzetan beraien bizimodua egiten ari ziren kaioetarantz joan zitzaidan.

Bat-batean, txiki-txiki bihurtu nintzen munduaren edertasun erraldoiaren aurrean. Eta horrekin batera, bereizketarik ez dagoela sentitu nuen, inolako zalantzarik gabe. Harria, goroldioa, pinuak, hodeiak, olatuak, arrainak, karramarroak, pasiatzen ari ziren banakakoak, eltxoak, hurbilekoak eta urrunekoak… Barne-barnetik nabaritu nuen lur honetako izaki guztiok bakar haundi bat ginela. Ni ez nintzen ohiko “ni” hura, natura kontsumitzaile neurekoia, beti “garrantzizkoagoa den” beste zerbaitetan ari zen gizabanako presaduna, ez. Kantauri itsasbazterreko zokondo hartatik, Osotasun osoarekin Bat nintzela bizi izan nuen, amaigabeko une batean.

Txunditurik eta esker onez blai, etxera itzuli nintzen, pantaila aurrera berriz… Geroztik, “garrantzitsuagoak” diren beste mila arazo eta erdipurdiko liskarretan galtzen naizenean, bizipen hura gogoratzen ahalegintzen naiz (nire oroimena hain da makala!): Denarekin eta Den Horrekin bat naiz, Bat gara.