HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 21

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego! Heriotza-uretan murgildu behar dut, eta hau larria hori bete arte!

Munduari bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba errainaren aurka eta erraina amaginarrebaren aurka».

§ Lukas 12, 49-53.

Atzoko ebanjelioan kontraste bat zegoen giza aurreikuspenen eta Jainkoaren ustekabeko esku-hartzearen artean. Gaurkoan kontraste sustraikoago bat nabarmendu daiteke: Jesusek iragartzen eta erakusten duen Jainkoaren Erresumaren logikaren eta mundu honetako pentsamoldearen arteko bateraezintasuna. Jesusen hitzen gogortasunak bien arteko erabateko kontrakotasuna nabarmendu nahi du. Jainkoaren Erreinuko balio, hautaketa, bizimodu eta pentsamoldeen eta munduan nagusiak direnen artean funtsezko desadostasunak daude. Horregatik, zatiketa eta gatazka saihetsezinak dira, eta ebanjelioa seriotasunez bizi nahi duenak gatazka horiek ekar diezazkioketen ondorio latzak onartzeko prest egon behar du.

Kristoren aurrean: Ebanjelioak eskatzen duen erradikaltasunez bizi naiz? Onartzen dut ala saihesten saiatzen naiz? Zergatik?… Eskatu Kristorekin eta bere proiektuarekin gehiago maitemintzea.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.