HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea».

Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?»

Jaunak erantzun: «Izan zaitezte etxezain leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak, bere orduan behar den janaria banatzeko, morroien buru ipini duena bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatuko duelakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, gogor zigortuko du eta desleialek merezi dutena emango dio.

Nagusiaren nahia zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor gogorra izango du; nagusiaren nahia zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; eta askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko».

§ Lukas 12, 39-48.

Gizakia beti saiatu da munduaren eta bizitzaren norabidea ─ berea eta besteena─ menderatzen. Asmo hori, alabaina, hutsala da, ezin baitugu geure bizitza guztiz kontrolatu, are gutxiago abian jartzen ditugun gertaeren bilakaera. Alabaina, oker daude patu itsu baten mende gaudela uste dutenak ere. Jainkoa bizitzaren eta munduaren buru dela irakasten digu ebanjelioak, eta Jesusek egia nagusi horretatik bizitzeko eskatzen die bere jarraitzaileei, Jainkoaren ustekabeko esku-hartzeak dakarkigun oparia hartzeko prest beti. Gure baitatik irteten eta bizitza Jainkoaren eskuetan uzten ikasi behar dugu. Horrela bizitzea lortzen duenak bakea lortuko du eta zerbitzari ona izatera iritsiko da, eskuak zabalik izan eta Jainkoaren ustekabeko oparia jasotzeko prest dagoen zerbitzari on, alegia.

Kristoren aurrean: Nola bizi naiz, Jainkoaren ustekabekoei zabalik ala neure baitatik gauzak kontrolatu nahian? Zergatik? Jainkoari eskatu ezustekoak onartzeko zabaltasuna eta malgutasuna…

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.