HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 17

Aldi hartan, Santiagok eta Joanek, Zebedeoren semeek, Jesusengana hurbildu eta esan zioten: «Maisu, eskatuko dizuguna Zuk guri egitea nahi genuke». Jesusek galdetu zien: «Zer nahi duzue, bada, Nik zuei egitea?» Eta haiek: «Eser gaitezela bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean, Zu zeure aintzara iristean».

Jesusek esan zien: «Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kaliza mingotsa edateko, edo Nik murgildu behar dudan uretan murgiltzeko?» «Bai, gauza gara!», erantzun zioten.

Jesusek, orduan: «Nik edan behar dudan kaliza mingotsa, bai, edango duzue, baita Nik murgildu behar dudan uretan murgilduko ere; baina nire eskuin-ezkerretan esertze hori ez dago nire esku inori ematea; Jainkoak norentzat duen prestatua, hari emango zaio».

Beste hamarrak, hori entzutean, haserre jarri ziren Santiagoren eta Joanen aurka. Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagiek mendean hartzen dituzte herriak eta handikiek beren agintea ezartzen diete. Ez du horrela izan behar zuen artean. Zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi denen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita zerbitzatua izatera etorri, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia denen alde ordainsari ematera».

§ Markos 10, 35-45.

Zerbitzua kristauaren ibilbidea burutzen duen arantzazko koroa da; eta Jesusen irudira, aintzazko koroa ere.

Joan eta Santiagoren jarrerak irribarre konplizea eragiten digu, arrakastaren aintza bilatzen baitugu, besteak alde batera utzita. Baita, beste hamar apostoluen haserrea gure denean. Arrakastaren egarriak elkarrengandik bereizten eta elkarren etsai bilakatzen gaitu. Misioa bera desitxuratuta gelditzen da askoren kalterako.

Soilik zerbitzuak berritzen eta garbitzen du gizakiaren bihotza. Nekez eta ederki saiatuta. Zerbitzua, ordea, ez da etengabe gauzak egitea. Zerbitzuak bihotza eta ekintza bat egiten ditu besteen onera begira, gure onena emanda, eta gure poza besteen onean jartzen ikasten dugula. Zerbitzuaren maila gorenena dugu Jainkoaren nahia bilatzen duenarena, Jainkoari esaneko denarena, denen egiazko ona Jainkoaren onginahian ezagutzen eta espero duenarena.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.