Loiolan Ignazioren “etxe santua” eta Ignazio filma

2021 Urr 15

Aurten Loiolako Ignazioren konbertsioaren 500. urtea ospatzen dugula-eta gogo handia nuen Loiolan Ignazioren “etxe santura” deboziozko bisita bat egiteko. Jakin nuen irailaren 27an Ignazio filma eskainiko zutela bertako Basilikan. Aukera ona iruditu zitzaidan aipatu deboziozko bisita egiteko. Eta Koldo Katxo jesuita adiskideari galdetu nion filmerako bi sarrera lortuko zizkidan.

Lagun egiteko prest agertu zaidan Pako Tejados (lagunartean Patxi Teilatu) auto-gidari dudala, arratseko 18 orduak aurretik han ginen, eta, guk deika jardun beharrik gabe, Koldo Katxo gure zain. Arin samar azaldu eta erakutsi dizkigu “etxe santua” eta inguruneak. Aukera eman digu aspaldiko Jose Luis Zinkunegirekin, Loiolako gaixotegian aspaldi honetan, unetxo batez egoteko ere.

Eta segidan Basilikara. Jende asko sarreran zain eta barnean lekua harturik. Toki egoki batean jarri gaitu Koldok. Eguraldi-giro egokia, apur bat bero. Pantaila handia.

Hasteko, aurkezpena jesuita batek. Azalpenak, luze samar, zinegileak. Gogoeta labur batzuk filmeko protagonista bakarrak.

Eta filma. Natura pantaila betean. Luze. Azkenean, protagonista, bata zuriaz jantzia, basa-belardi batean gora eta gora, herren nabarmenaz eta makila bat eskuan. Goi-puntura iritsi da. Une batez protagonista ezkutatu. Handik puska batera berriro ere gogora eta gora; oraingoan erdia belardia eta beste erdia arboladia, baina harkaitz asko dituena. Batzuetan ezinean gure gizona.

Luzea, osoa luzea izan da bi igoera hauena. Pelikulak ez du hitzik; hobeto esan, hitz sakona du, baina aho-hitzik ez. Zer esan nahi digu aldapan gogo eta gora egindako ibilera luze horrek? Pelikula hasi aurreko azalpenak ez ditut entzun, neure entzumena (audifonoa eta guzti) eta Basilikako hein bateko oihartzuna direla-eta. Neure gisako interpretazioa egin behar izan dut. Ez dakit zinegileak zer adierazi nahi izan duen. Niretzat argia da; Ignaziok Loiolan sendatze-aldian Jainkoaz zirriborro bat-edo egin du, eta aski gelditu zaio Jainkoaz ideia zuzen samar bat egiteko. Pelikulako gora eta gora, herrenka gainera, ibiltze horrek Ignazioren barne bilaketa sinbolizatu nahi izan du: Jainkoaren bila luze, herrenka gainera; batzuetan ondo, besteetan haztamuka.

Halako batean, ekaitza, tximista eta euria. Tentaldi handiak jasan behar izan ditu Ignaziok. Zeinek ez? Ekaitz luze horretaz baliatu da zinegilea barruko borrokaldi hori azaleratzeko.

Baina, ondoren, barealdia. Naturak ere lagundua. Natura: basa-landarediaren eta zibilizazio-ukitu diren ardien beeeek iradokia. Baina ez da barealdi alferra. Tartekatu diren argi-gunetxo biribilek azaltzen dute Ignaziok bizi duen barne bizi argitsu eta animatua.

Segidan etzanaldi luzea. Ezin hartu da hori behar edo premia fisiko huts baten ondoriotzat bakarrik. Manresako Cardoner ibaiaren ondoko espiritu-goraldiaren sinbolo-edo izango litzateke. Geroxeago datorren oinak ibaian goxatzea lagun dela: bidaia luze baten ondoren, oinak ibaian freskatzea, a zer gozamena. Cardoner ibaiaren ondoan Ignaziok bizi izan duen espiritu-goraldi zorarazlearen irudia.

Eta segidan ibaian gora eta gora, belardiak eta basoak eta harkaitzak utzirik, uretan gora eta gora, Bartzelonatik Jerusalemera igotzearen sinboloa; edozeinek daki Jerusalem mendi goi batean dagoela. Baina berehala, penaz, berriro urera, ibaian behera eta behera. Jerusalemen ez dute onartu. Berriro Bartzelonara.

Iritzitxoa. Beste zerbait espero nuen film horretatik. Baina egilea da egile. Edukia sakona iruditu zait. Aho-hitzik gabe izanik, aski zaila ulertzeko, Ignazio sakon samar ulertzen eta maite ez duenarentzat. Edozein kasutan, filma oso nagi garatua, oso mantso, oso luze.

Filmaren hasierako eta bukaerako azalpenei dagokienez, penagarria. Azalpenen edukiaz ezin esan nik ezer: ez ditut entzun; hobeto esateko, ez ditut aditu. Entzumen-akatsa. Formari dagokionez ari naiz: gaztelania hutsean; bai jesuita aurkezleak, bai zinegileak, bai bakarra izan den protagonistak. Ez dakit zer jende-mota bildu garen Basilikan, baina iruditzen zait ehuneko handi-handia euskaldun ginela. Berriro esan: pena. Are gehiago, eskandalu-eragilea ere bai.

“P.D. zinegileak hitz batzuk esan zituen euskaraz”.