Kristo, kontzeptu estatiko batetik geure bizitzaren bultzagarria izatera, Xabier Zubiriren begiradatik

2021 Urr 15

Kristau izatea Kristorekin harremanezko esperientzia bat izatea dela zioskun Xavier Zubirik, eta bizitako harreman horren berorren bidez, Jaunaren esperientzia ere izatea.  Zubirik ideia hau nola jorratzen duen oso intereseko iritzi diot eta, hortaz, horren gainean bere hausnarketak ekarri nahi izan ditut hona.

Zubiriren ustetan, Kristautasuna gizaterian eta historian Kristorekin etengabeko bat egitea da. Kristo entengabe ari zaigu ageriko egiten, ez jada Agerkunde berri moduan, baizik eta, berez, bere Gizakundea, jada burututa, historian zehar definituz eta zehaztuz. Kristok, bere gogoz, gizaki bilakatzeko balditzapen historikoa onartu zuen, historiarekin bat egin  eta, orduz geroztik, bere Gizakundearen aurreko  zein osteko historia errotik eraldatuak geratuko dira, bi-biak Berarengan erroak eginak eta Berekiko erreferentziatuak. Honen harira, zera diosku Zubirik, Kristo atergabe ari zaigula gaurkotzen, Bera den Hitz agertzaile (revelante) moduan: “Hau da gizadiari eskainitako Jaunaren presentzia iraunkor eta aldi berean agertzailea, Kristoren bidez gauzatutakoa, Agerkunde moduan” (PTHC 71). Nolabaiteko segida edo jarraipen hau ez da gizaki egindako Semearen lehendabiziko Errebelazioaren jarraipen moduan ulertu behar, bestela baizik, jada Berarengan burutua den errebelazio hori historian zehar gizaki guzti-guztiei egindako eskaintza gisa. Eskaintza hori garaian garaian eta unean unean ari da hedatzen eta zabaltzen eta, berorren bidez, arituko dira gizaki guztiak eta bakoitza Kristorekin bat egiten eta, pixkana pixkana, gizateri osoa.

Hartara, Kristo historiarekin bat eginez joango da, hain justu ere, banan banan kristau bakoitzarekin bat eginez joango delako. Hau posible da, gizakiak, izaeraz, “zerizan irekia” duelako (“esencia abierta”). Kristorenganako bidea edo gerturatzea “goratze” moduan ulertzen duten ikuspegiak bazter utzi beharko genituzke, esango digu Zubirik; “Jaunak izadia honelakoa egin badu, bere asmo gorena bete ahal izan dadin izan da, hau da, Berak kreazioarekin bat egin ahal izateko, kreazioaren barne-barneko biziarekin bat eginez” (PTHC 73). Gizakiaren “izaera irekia” eta Kristoren Gorputzarekin bat egitearen artean errotikako eta berezko batasuna dago. Kristogan Jaunarekin bat egin ahal izan dezagun Kristo Jainkotiar izaerakoa izatea ez da nahikoa, diosku Zubirik. Horrekin batera, gizakia den izaera irekiarekin bat egin ahal izan dezan, nolabait edo besteko artikulatze-modu bat ere izan beharko du derrigor Kristok. Eta hemen hain justu egiten dugu topo zeharo zubiritar den ideia batekin; Gure bizitza-ibilbidea gure “niaren” zizelkatzea bada, eta eginkizun horrek “oinarriztapen” bat eskatzen badu ezinbestez, kistaua bere “niaren” eraikitzean Kristogan “oinarriztapen” delakoa aurkitzen duena izango da.

Gure bizitzaren eraikitzean, horretarako oinarria Kristogan aurkitzeak zera dakar berekin; Kristo “azkena” (“último”), “ahalbidetzailea” (“posibilitante”) eta “eragilea” (“impelente”) gisa agertzen zaigula. Aurrenik, Kristok Jainkoa “azkentasun” gisa agertzen digu, halako moldez non gure bizitza Harenganantz jarri beharko genukeen; “Honetan azaltzen da betiko bizia: Zu, egiazko Jainko bakar hori, eta Zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean” (Jn 17,3). Zubirik, Joanen txatal hau aintzat hartuta, “ezagutze” delako horrek barnebiltzen duen guztia azpimarratu nahi izango du. Bere ustetan, ezagutze mota horrek ez dauka ezagutza teoriko batekin inongo zerikusirik, alegia, ikuspegi greko batetik ezagutzatzat joko genukeen horrekin. Oso bestela baizik, hebrear yada´ gisa ulertu behar da ezagutze mota hori, norberarengan muin-munineko esperientziatik eratortzen den yada´gisa. Euskaraz ere ezagutzearen adiera hori aurki dezakegu, norbait “ezagutzen” dugula diogunetan, edota gaixoaldi, txirotasuna, zein antzeko giza esperientziak ezagutzen ditugula diogun guztietan. Esperientzia den ezagutze mota delako horretara garamatza hain justu Kristok; izan ere, Kristo dugu bide zuzena Jainkoaren errealitatea ezagutze aldera esperientzia gisa.

Bestetik, Kristo errealitate “ahalbidetzaile” gisa ere dagerkigu. Zubirik, ideia hori azaltze aldera, Jn 15,5 txatala baliatuko du: “Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak”. Kristogan du gizakiak burutzen fideltasunez bere giza xedea. Kristo betiko bizitzarako bidea ez ezik, gure gizatiartasuna bere betera eramateko bidea ere bada. Kristorengan, bere bizimolde eta jokamoldeetan ikusi eta ikasi ahal izango dugu zer den gizakia bete-betean izatea.

Hirugarrenik eta azkenik, Kristoren dimentsio “eragilea” hartu behar da aintzat. Dimentsio hau San Joanen ere aurkituko du ezin argiago Zubirik: “agindu bat ematen dizuet” (cf. Jn 15,2; 1Jn 2,1; 3,23; 2 Jn 1,6). Agindu honek ez du zerikusirik eginbehar edo betebehar derrigorrezko batekin. Maitatzeko dei horretarako bultzagarria Kristo dugu, Jainkoa maitasun hutsa den erakutsi digun Kristo. Kristoren bitartez merezi ere ez dugun, eta bere izaeraren muin-muineko adierazgarria den, hasierako maitasun baldintzagabetik segitzen den bultzagarria jasotzen dugu: “Jainkoa maitasuna da” (1Jn 4,8). Agindu hau, sarri askotan, gaizki ulertua izan da; izan ere, bazirudien berau onartzea edo ez, gizakiak, bere burua salbatze aldera, egin zezakeen hautua zela. Kristogan Jainkoarenganako bidea ez datza inondik ere gizakiaren hautu natural batean, lehen-lehenik behintzat. Honi dagokionean, zera diosku Zubirik; “Jainkoaren errealitate metafisikoa den barne maitasunak bultzatzen du gizaki oro, bera jakinaren gainean egon edo ez,  berorrek nahi edo ez” (PTHC 80).

Maitasunerako dei hau bere sakonean ulertzeko orduan ohikoa ez zen azpimarratze bat ere eratxikiko digu Zubirik; “geure burua ematea” den maitasuna ez da soil-soilik lagun urkoarenganako, baita geureganako ere; izan ere, nork bere bizitza egitea nork bere “nia” erantunkizun handiz eraikitzen joatea da (cf. PTHC 80-81). Gizakia, burutzera deitua den errealitate bukatugabea den aldetik, ezinbestez eta bazterezinki, ahalegin edo esfortzu  moralera dago deitua . Jainkoak Kristoren bidez gizakiari eskaini dion maitasunean, goren-goreneko  instantzia horretan, egon behar du erroturik esfortzu horrek. Maitasunera gara deituak, zin-zinezko geure burua emate batera, eta hau ez da nork bere burua Jainkoari Kristogan ematea baino. Nork bere burua emate hau  ez da inolaz ere formalismo edota sentimentaltasun hutsa,  errotikako deia eta gure bizitza-eraldatzailea baizik: “Dudan guztia behartsuen artean banatu eta neure gorputza erretzeraino emanik ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer” (1 Co 13,3).

Eta maitasunerako errotikako dei honen ardura ezin da soilik gizakiarena izan. Eta horretarako bizitzan “osagai sotil eta fin” bat egongo da, esango digu Zubirik, bizitzak hartu behar duen zentzu edo esanahia hain zuzen ere. Izan ere, bizitzak, norabide batean edo beste batean zuzendu, oso bestelako forma hartuko du; “geure izatea, gure izate absolutua, zehaztuko duen errotikako perimetroa da zentzua” (PTHC, 82). Zentzu hori hain justu ere luzatzen digu Kristok, bizitza, hainbat jarraikako ekintzen osotasuna den aldetik, ez  dagoelako bere baitan erroturik. Bere baitan  erroturik dagoen bakarra Jainkoa da. “Horregatik, geure bizitzan Kristoren esku hartzea ez da ahaleginaren ahaleginez gero eta beteago Berarekin bat egitea baino, geure bizitza Berak bakarrik ematen digun zentzuaren gainean eraikitzea baino. Bera bizi izan zen moduan bizitzea, besteei eta historiari bere burua eskainiz” (PTHC 83). Kristok eta bere Proposamenak ez dute bizitzarekin talka egiten inondik ere, oso bestela baizik; Kristok bizitza sustatu eta bere bokazio betera bultzatzen du. Kontrakoa Kristoren interpretazio estatiko bat egitea izango litzateke.

PTHC: ZUBIRI, Xavier. El problema teologal del hombre: Cristianismo, Alianza Editorial, Fundación Xavier Zubiri, Madrid, 1999.