HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 13

Aldi hartan, Jaunak esan zuen: «Ai zuek, fariseuok! Barazkirik kaxkarrenen hamarrenak ordaintzen dituzue, eta zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna, berriz, alde batera uzten. Hauek bete behar zenituzten, haiek baztertu gabe.

Ai zuek, fariseuok! Sinagogetan aurreneko aulkiak eta plazetan jendearen agurrak maite dituzue!

Ai zuek! Ikusten ez diren hilobiak bezalakoak zarete, jendea oharkabean haien gainetik baitabil».

Orduan, lege-maisu batek esan zion: «Maisu, horrela hitz eginez, gu ere iraindu egiten gaituzu». Jesusek erantzun zion: «Ai zuek ere, lege-maisuok! Eraman ezineko zamak leporatzen dizkiezue besteei, eta zeuek atzamar batez ere ukitu ez».

§ Lukas 11, 42-46.

Jesusek gogor salatzen du usteldutako bizitza erlijiosoa. Eskasa izatearen aldapa beheran usteltzen da giza espiritua eta fede bizitza: zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna alde batera uzten duten jarrerak, gure buruak zurituz onargarritzat hartzen ditugunean, eskasagoak bilakatzen gara. Bekatariaren damuak aitortzen du egindakoaren garrantzia, eta probatzen du Jainkoagandik urrun izatearen zorigaitza. Eskasa izatearen aldapa beheran doanak, ordea, axolagabe jarraitzen du bere horretan, bere baitan egindakoari garrantzia kentzen eta bere burua fededun zintzotzat hartuz bestelakoak, itxuraz garrantzitsuagoak direnak, betetzen dituelako. Dagoeneko ez du zuzenbidea eta Jainkoaren maitasuna bere bizitzaren ardatz, bere zurikeria baizik, eta besteen oniritzian aurkitzen du bere eskasa izatearentzako lasaigarria. Behea jo du bere buruarentzat onargarri dena besteentzat onargarri ez dela erakusten duenak. Badu txistea horrelako egoeran Jesusen hitzekin iraindua sentitzea.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.