HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 12

Aldi hartan, Jesus gauza hauek jendeari esaten ari zela, emakume batek jendartetik deiadarka esan zuen: «Zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea!»

Baina Jesusek esan zuen: «Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzuten eta betetzen dutenak!»

§ Lukas 11, 27-28.

Gaurko ebanjelioko pasarte honen esanahia eskuratzeko, begiratu eta kontuan har ditzagun garaiko arauak. Emakumeek isiltasunean gordeta egon beharreko giro hartan,  jendartetik emakume batek deiadarka aritzea ez zen gauza arrunta izango. Beharbada Jesusen aurrean egotea konfiantzazko giroan egotea izango zen eta barneko hitzak ateratzeko aukera sortzen zuen.  Giro horretan emakume hark askatasunez eta maitasunez esan zituen hitz haiek. Jesusek ez zuen emakumea gaitzetsi. Jesusek, emakumea entzutean, emakumearen hitzak kontuan izatean, bere era berriztatzailea ezagutzera ematen du. Eta emakumeak esan duenari gehitzen dionak, bere Berri Onaren zabaltasuna noraino heltzen den agerian lagatzen du.  Jesusen aurrean jartzen garenean, askatasunez eta maitasunez aritzen al gara?

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.