HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 11

Aldi hartan, jende asko biltzen ari zelarik, Jesus honela hasi zitzaien: «Gizaldi hau gaiztoa da. Ezaugarri eske ari da, baina ez zaio ezaugarririk emango Jonas profetarena besterik. Izan ere, ninivetarrentzat Jonas ezaugarri izan zen bezala, hala izango da Gizonaren Semea gizaldi honentzat.

Auzi-egunean hegoaldeko erreginak gizaldi honetako jendearen aurka jaiki eta kondenatu egingo du, lurraren azken mugetatik etorri baitzen hura Salomonen jakinduriazko hitzak entzutera, eta hona hemen Salomon baino gehiago dena.

Auzi-egunean ninivetarrek ere gizaldi honen aurka jaiki eta kondenatu egingo dute, haiek bihotz-berritu egin baitziren Jonasen predikuaz, eta hona hemen Jonas baino gehiago dena».

§ Lukas 11, 29-32.

Jesusek ez ditu beti hitz leunak erabiltzen, gaurko ebanjelio honek adierazten digun eran. Bizi dugun egoera sakontasunez bizi badugu, egoerak dakarren seinaleak ikusteko gai izango gara, ez ditugu beste ezaugarririk behar izango. Nola igarri Jaungoikoagandik datozen seinaleak? Jesusek egiten dizkigun gonbidapenetan daude seinaleak. Bere gonbidapenak bizitzarako seinale bihurtzen dira. Horregatik anaiarte-ahizpartea eraikitzen dituzten erabakiak, askatasuna sakontzen duten ekimenak, injustizien salaketak, ingurumen babesak ezaugarritzat hartu behar ditugu. Ezaugarriak gure bizitzako bidea argitzeko dira eta ezaugarriak bidea argitzen duten heinean, eskertzeko izango ditugu, gureganatu egin beharko ditugu, bidea jarraitu ahal izateko. Ezaugarriek ez dute beste betebeharrik gure bidea argitzea baino. Bidea argitu bihotz-bizitza aldatu arte. Jesusen proposamena bihotz-bizitza aldatu eta bizitza ematerainoko gonbidapena delako.

Nondik sortzen da ezaugarriak igarri eta norbereganatzeko gaitasun hori? Jesusen hitzetan, bera onartzean sortzen da gaitasun hau. Jesus bera onartzean, bihotz berritzeko ahalmena sortzen joango zaigu. Eta Jesus onartzea, bere gonbidapena onartzea baino ez da.

Gonbidapena onartu, ezaugarriak igarri eta bizitzako bidea argitu.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.