HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 10
Aldi hartan, Jesus abiatzera zihoala, gizon bat etorri zitzaion lasterka eta, aurrean belaunikaturik, galdetu zion: «Maisu ona, zer egin behar dut betiko bizia ondaretzat jasotzeko?» Jesusek erantzun zion: «Zergatik esaten didazu ona? Inor ez da ona, Jainkoa besterik.
Badakizkizu aginduak: ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik, ez egin kalterik, hartu aintzat aita-amak». Hark, orduan: «Maisu, gazte-gaztetandik bete izan dut hori guztia».
Jesus maitasunez begira jarri zitzaion, eta esan: «Gauza bat besterik ez zaizu falta: zoaz, saldu daukazun guztia eta eman behartsuei, eta altxorra izango duzu zeruan; gero, zatoz eta jarraitu niri». Hitz hauek entzutean, ilun jarri zen gizona eta nahigabez joan, ondasun handien jabe baitzen.
Orduan, Jesusek, ingurura begiratuz, esan zien ikasleei: «Bai nekez sartuko direla aberatsak Jainkoaren erreinuan!» Harriturik utzi zituen ikasleak esaldi honek. Baina Jesusek berriro ere: «Ene semeok, zaila da benetan Jainkoaren erreinuan sartzea! Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino».
Ikasleek, gero eta harrituago, elkarri ziotsaten: «Nor salba daiteke, orduan?» Jesusek begira-begira jarri eta esan zien: «Gizakiarentzat ezinezko da, baina Jainkoarentzat ez, dena baitezake Jainkoak».
Pedrok esan zion Jesusi: «Hara, guk dena utzi dugu, zuri jarraitzeko».
Jesusek erantzun: «Benetan diotsuet: Nigatik eta Berri Onagatik etxea, senideak, ama, aita, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, orain, mundu honetan, ehun halako hartuko du: etxe, senide, ama, seme-alaba eta lur, erasoaldiekin batera; eta gero, datorren munduan, betiko bizia.
§ Markos 10, 17-30.

Ebanjelio honetan bai Jesusengana hurbildu zen gizona, bai Pedro eta berarekin zeunden jarraitzaileek zer ikasia izan zutela adierazten da. Fedea ez da guk egiten dugunaren ordaina, Jaungoikoaren oparia baino. Gure eskuetatik haratago dago. Oparitzat dugu fedea? Fededun izateak ezin gaitu inoiz konforme utzi. Horrek eraman zuen gizon hura Jesusenganaino? Zerk eramaten gaitu Jesusengana hurbiltzera? Jesusengandik hitz gozoak jasotzera, gure bizitza bere tankerara antolatzera? Jesusen aurrean jarri zen gizonak ez zuen nahi egiten zuenagandik haratago joan nahi. Zegoen tokian mantendu eta bertan betiko bizitza lortzea zuen helburu. Horregatik Jesusengana hurbiltzeak inoiz ere ezin gaitu gauden tokian, gauden eran utzi. Jesusen aurrean jartzen bazara eta beti toki berean zaudela iruditzen bazaizu… aztertu ezazu zure Jesusen aurrean egoteko era, entzuteko era, begiratzeko era. Jesusek beti haratago bidaltzen baikaitu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.