HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 8
Aldi hartan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek zioten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten.
Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain eroriko. Era berean Satanas ere: bere baitan zatiturik badago, nola iraun dezake haren erreinuak? Zuek diozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut, garbi dago iritsi dela zuengana Jainkoaren erreinua.
Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen duen bitartean, seguru dauzka bere ondasunak. Baina indartsuago den batek eraso eta menderatzen badu, segurantzia ematen zioten armak kendu eta banatu egiten ditu hari harrapaturiko ondasunak.
Nire alde ez dagoena nire aurka ari da, eta nirekin biltzen ez duenak sakabanatu egiten du.
Espiritu gaiztoa, norbaitengandik atera ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez duelarik, bere buruari esaten dio: “Itzul nadin atera nintzen neure etxera”. Iristean, etxea garbitua eta apaindua aurkitzen du. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen. Horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».
§ Lukas 11, 15-26.

Begi bistan izanik, batzuetan, itsu geratzen gara eta ikustezina egiten zaizkigu Jainkoaren erreinuaren seinaleak. Beste batzuetan, aldiz, seinaleak ez dira gure tamainakoak eta ez gara ditugunak asmatzeko gai izaten: zeintzuk dira bilatzen ditugun Jainkoaren erreinuaren seinaleak? Hauek igartzeko Jesusen begirada behar dugu.
Ontasuna erreinuaren seinale nabaria da, baita Jesusen bizitzan, horrela adierazten baitu berak behin baino gehiagotan. Ontasuna ikusten dugunean, berri ontzat hartu beharrean susmagarritzat hartzen dugunean, zerk edo nork mugitzen gaitu horretara? Berri onen alde egin beharrean, berri txarrak onartzen ditugu erraztasun handiagorekin. Berri onen zabaltzaile edo berri txarren bozeramailearena egiten dugu?
Bada ere ontasunaren jarioa non den ezagutu eta hala ere txartzat hartzen duenik. Eta arazoa ez da iturburua – ontasunaren iturburua, azken finean, Bakarra delako-, iturrira hurbildu eta ur horretatik edaten dugunok baino.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.