HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 7

Aldi hartan, esan zien Jesusek ikasleei: «Eman dezagun, zuetako batek adiskide bat duela eta gauerdian datorkiola, esanez: “Adiskide, emazkidak hiru ogi, itzuliko ditiat eta; lagun bat etorri zaidak bidaian eta ez zeukat zer eskaini”. Eman dezagun, besteak barrutik erantzuten diola: “Utz nazak bakean! Atea itxia zegok, eta haurrak eta neu oheratuak; ezin naitekek ematera jaiki”. Hau diotsuet: adiskidea duelako ez bada ere, aspergarri izan ez dakion behintzat, jaiki eta emango dio behar duena».

Hau diotsuet, beraz: «Eskatu, eta emango dizue Jainkoak; bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko dizue; eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu, eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio. Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak arraina eskatuta, sugea emango ote dio arrainaren ordez? Edota arrautza eskatuta, eskorpioia emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zeuen seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago ez ote die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei!»

§ Lukas 11, 5-13.

Jesusen izana gurearekin bat egiten dela behin eta berriro azpimarratzen saiatzen gara. Benetako gizakia, benetako gizona izan zela baieztatzen dugu. Eta bere gizon izatea nabari da bere hitzetan ere. Eguneroko bizitzatik edo bizitza arrunta kontuan izanik azaltzen ditu Jaungoikoari buruzkoak. Ez da bizitzatik aldentzen Jaungoikoa nor den eta nola estimatzen gaituen azaltzeko, adierazteko, baizik eta bizitzan gertatzen diren pasadizoak hartu eta bertatik Jaungoikoarekiko mantendu ahal dugun harremana adierazten digu. Beti hurbiltasun eta konfiantzan eraikitako harremana, alegia.

Gure fede bizitzaren oinarrian, Jaungoikoren zein irudi dago? Galdera hau ere bada ebanjelioak zeharka egiten digun beste gonbidapen bat, gaurko pasarte honetan.

Gure fedea magiatik aldendu dugu edo nahastuta bizi da guregan? Jesusek konfiantzarantz egiten digun gonbidapena jaso eta bizitzea, nahasmen horren korapiloa desegiteko bidea izan liteke. Eta kontuan izan dezagun, ebanjelioan konfiantza ez dela estetikoa. Konfiantza aktiboa da.

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.