HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 6
Aldi hartan, Jesus otoitzean ari zen leku batean; bukatu zuenean, ikasleetako batek esan zion: «Jauna, irakats iezaguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei irakatsi zien bezala».
Jesusek esan zien: «Otoitz egitean, esazue:
“Aita, santu izan bedi zure izena, etor bedi zure erreinua,
emaguzu egunean eguneko ogia, eta barkatu gure bekatuak
guk ere zor diguten guztiei barkatzen diegunez gero,
ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen”».
§ Lukas 11, 1-4.

Ebanjelioetan, era batera edo bestera, agerian lagatzen zaigu Jesusek Jaungoikoarekiko zuen harremana. Pertsonak nola tratatzen dituen, pertsonengana nola hurbiltzen den, gaixotasuna edo gertakizunei ematen dien esanahia, guzti horietan agerian dago, Jesusen eta Jaungoikoaren arteko harremana zein den. Era berean, otoitz egiten duenean ere, harreman horren berri oparitzen digu. Behin baino gehiagotan agertzen da ebanjelioetan Jesus otoitzean. Era ezberdinetan egiten zuela ere jakin dugu. Askotan gutxietsi egin dugun ahozko otoitza erabiltzen zuen, automatikoki irteten zaigun hori, alegia. Automatikoki irtetzeak zer esan nahi duen aztertu beharko dugu. Buruz jakin eta bihotzez ezezaguna zaigulako, beharbada? Ahoz esan eta bizitzarekin uztartu gabekoa zaigulako, ordea? Gugan horren barneratuta izan eta berez gurekin bat eginda dugulako?
Edozein kasutan, Jesusen erara bizi nahi badugu, Jesusen erara otoitz egiten ere ikasi beharko dugu. “Gure Aita” esaten dugun bakoitzean horretarako izan bedi: Zure erara bizi nahi dugunok, zure erara otoitz egin nahi dugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.