HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 26

Aldi hartan, Joanek esan zion Jesusi: «Maisu, gizon bat ikusi dugu zure izenean deabruak botatzen, eta galarazi egin nahi izan diogu, ez baita gure taldekoa».

Baina Jesusek erantzun: «Ez galarazi, ez baita inor, nire izenean mirari bat egin eta gero nitaz gaizki esaka jardungo duenik. Zeren gure aurka ez dagoena gure alde baitago.

Mesiasen jarraitzaile zaretelako, baso bat ur bada ere ematen dizuena, benetan diotsuet, ez da saririk gabe geldituko.

Nigan sinesten duten txiki hauetakoren baten sinesmena galbidean jartzen duenak hobe luke errotarri bat lepotik lotu eta itsasora amilduko balute.

Zeure eskuak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu eskumotz betiko bizian sartu, bi eskuak dituzula infernura, itzalezineko sura, joan baino. Zeure oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu; hobe duzu hankamotz betiko bizian sartu, bi oinak dituzula infernura jaurtia izan baino. Zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera; hobe duzu begibakar Jainkoaren erreinuan sartu, bi begiak dituzula infernura jaurtia izan baino; han ez da hiltzen barruko harra, ezta itzaltzen ere sua».

§ Markos 9, 38-43.45.47-48.

Hain ezaguna den pasarte honek ez gaitu inoiz lehen bezala uzten, beti “berri” itxura hartzen diogu: oso zeurea den zerbaitek kalte egiten badizu eta oztopo bada Jainkoaren nahia betetzeko, baztertu!

Zenbaitetan kalte egiten dugu gure inguruan edo gure buruari, konturatu gabe. Ez gara gauza ohartzeko oso barneratuta dugun zeozerk mina sorrarazten duela. Gure esku, oin edo begiak oso gureak diren bezalaxe. Horretarako, zein garrantzitsua den geure burua ezagutzea eta gure itzalak onartzea. Maitasunaren seme-alaba gara, Jainkoak sortuak, opari eta dohaiez beteak, baina zenbaitetan gure argi horiek itzal bihurtzen dira maitasunaren bidetik aldentzen garenean. Zein argi daude niregan? Zein dohain ditut? Zein dira nire itzalak?

Baina gu ez gara gure itzala, argia baizik. Argia gara. Gure oztopoak ezagutu eta hauek zuzentzeko ahalegina egin behar dugu. Argira itzuli, gure sakontasunera, maitasunaren seme-alaba izatera.

Jainkoak gure bitartez nahi du zabaldu eta egi bihurtu bere erreinua, Berak gu har gaitzan uzten diogunean, bere tresna bihurtzen gaitu eta. Jainkoak ez ditu aukeratzen prestakuntza sakona dutenak, baizik eta aukeratuak prestatzen ditu.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.