HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 24

Jesus otoitzean bakarrik ari zela, ikasleak hurbildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien: «Nor naizela dio jendeak?» Haiek erantzun zioten: «Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek, berriz, antzinako profetaren bat piztu dela». Jesusek, orduan: «Eta zuek, nor naizela diozue?» Pedrok erantzun zion: «Jainkoaren Mesias».

Inori ez esateko agindu zien Jesusek zorrotz. Eta esan zien, gainera, ikasleei: «Gizonaren Semeak asko sufritu beharra du; zaharrek, apaizburuek eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, baina hirugarren egunean piztuko da».

§ Lukas 9, 18-22.

Pasarte honetan berriz ere Jesus otoitzean kontenplatzen dugu. Aitarekin elkarrizketan, bat eginez, maitasunaren hizkuntza erabiliz eta haurra bezala, Aitaren besoetan jarriz bizitzaren iturrira joz. Harremana, lotura, itsasontziaren ainguraren segurtasuna eta katearen indarra. Jesus honela ikusteak gugan ere desio hori piztu dezake: otoitzean egon, gelditu, Jainkoaren arrastoa bilatu gugan eta gure eguneroko bizitzan.

Bestalde, Jesusek egindako galderari erantzunez dabiltza, besteen ahotan entzun dutenarekin. Baina Pedroren erantzuna barrutik ateratzen da: bere esperientziatik, berak ordura arte ulertu duenetik, bere bihotzak adierazten duenetik. Ziurrenik guk ere, Jainkoak gu har gaitzan uzten dugunean eta gure ahotsa isilduz, Berari hitz egiten uzten diogunean, barruko egia esango dugu. Gutako bakoitzari zuzendutako bere galdera entzuten dugunean, “nor naiz ni zuretzat”, zer erantzun ematen diogu Jesusi? Nor zara niretzat?

Eta berriz ere Jesusen inguruko misterioa agertzen da: “asko sufritu behar du Jainkoaren Semeak…”. Eta konfidantza eta fedea behar dira ulertzen ez dugunari aurre egiteko: fidatzea. Jainkoaren eskuetan utzi guk ulertu ezin ditugun gauzak. Fedearen opariak lasaitasuna eta kontsolazioa ekartzen dizkigu. Emaiguzu bada, grazia hau Jesus, Zuk bezala, erabateko fedea eta konfidantza izan ditzagun.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.