HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 22
Aldi hartan, Jesusek, Hamabiak beregana bildurik, deabru guztiak botatzeko ahalmena eta gaitzak sendatzeko indarra eman zien. Eta Jainkoaren erreinua hots egitera eta gaixoak sendatzera bidali zituen, honela esanez: «Ez hartu ezer biderako, ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, ezta aldatzeko soinekorik ere. Etxe batean sartzen zaretela, gelditu han herri hartatik atera arte. Eta onartzen ez bazaituztete, herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa, haien kontrako seinaletzat».
Atera ziren, bada, eta herriz herri joan ziren, Berri Ona hots eginez eta alde guztietan gaixoak sendatuz.
§ Lukas 9, 1-6.
Botereak badu zerbait oso erotikoa dena garai eta kultura guztietan.
Gudak, mendekuak, sarraskiak, bidegabekeria ugari ekarri (eta ekartzen) dizkio gizadiari botere goseak.
Botereari kontrajartzen zaiona, hots, ahulezia, ezintasuna, deitoragarria (izan) da edozein lekutan eta garaitan.
Jainkoaren erreinuak ere boterearen erabilera aldarrikatzen du baina oso modu kontra-kulturalean: zerbitzatzeko eta sendatzeko boterea. Eta, badaezpada, argi azaltze aldera, botere hori modu egokian erabiltzeko, ezin daiteke biderako ezer hartu: ez makilarik, ez zakutorik, ez ogirik, ez dirurik, ezta aldatzeko soinekorik ere. Ahulezia eta ezintasuna dira botere honen seinaleak, besteek onartua izatearen zain geratzen dena.
Jainkoaren erreinua hots egiteko modua horixe da Jesusen aginduan. Bi mila urte iragan ondoren zertxobait ulertu al dugu?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.