HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 21

Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoala, Mateo zeritzan gizon bat ikusi zuen zergak biltzeko mahaian eseririk, eta honela esan zion: «Jarraitu niri». Mateok zutitu eta jarraitu egin zion.

Geroago, Jesus mahaian zegoen Mateoren etxean; beste zergalari eta bekatari asko ere etorri eta mahaian eseri ziren Jesusekin eta honen ikasleekin. Fariseuek, hori ikustean, hau esan zieten ikasleei: «Nolatan jaten du zuen Maisuak zergalariekin eta bekatariekin?»

Hori aditzean, Jesusek hau esan zien: «Ez dute osasundunek sendagile beharra, gaixoek baizik. Hobe zenukete Jainkoak esandako honetaz jabetuko bazinete: “Nahiago dut errukia sakrifizioak baino”. Ez naiz zintzoei dei egitera etorri, bekatariei baizik».

§ Mateo 9, 9-13.

Mahai bat eta mahaia ikusteko bi modu, bi mundu.

Mateoren mahaia, lanean eta etxean, bekatuaren lekua. Lanekoa, zerga biltzaile gorrotatua, Erromatar Inperioari saldua. Etxekoak bekatariak eta zergalari esplotatzaileak biltzen zituen.

Jesusek pertsona ikusi zuen, Mateo bere osotasunean, eta errukitu zitzaion, hots, Mateoren bizitzak Jesusen erraiei eragin zien. Eta Mateoren mahaian jesarri zen, Mateoren lagunen artean. Eta Mateok eta bere lagunek Jainkoaren presentzia osasungarria sentitu eta dastatu zuten.

Fariseuek, berriz, bekatuaren mahaia ikusi zuten, objektibotasun eta arrazoi osoz. Fariseuek arrazoia zuten beren ikuskeran eta arrazoinamenduan eta ez zuten Jainkoaren beharrik beren arrazionaltasunean. Ikuskera horretan ez zegoen lekurik Jesusen Aitamarentzat.

Gure buruari galdetzen diogunean non egiten dugun topo Jainkoarekin, kontuan izan dezagun Jesusen Aitama ustekabe itzela dela eta harrigarria bere sentiberatasuna.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.