HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 20
Aldi hartan, Jesusek hau esan zion jendeari: «Inork ez du argia pizten eta ontzipean gordetzen edota ohepean ipintzen, baizik eta argimutilaren gainean ipintzen du, sartzen direnek argia ikus dezaten. Izan ere, ez dago ezer gordea agertuko ez denik, ezta ezkutuan ere jakingo eta argitaratuko ez denik.
Kontu izan, beraz, nola entzuten duzuen! Izan ere, duenari eman egingo zaio; ez duenari, ordea, eduki uste duena ere kendu egingo zaio».
§ Lukas 8, 16-18.
Argia eta iluna, kultura askotako sinbolo ezagunak eta kontrajarriak, gure artean ere sarri askotan erabiliak. Baina ez da kontrajarpen hori testu honetan agertzen zaiguna, beste bat baizik: argia eta gordea (edo ezkutua).
Bibliako mundu sinbolikoan ohikoa da argiak eskuzabaltasuna seinalatzea, hots, beretik eta doakotasunez, neurririk gabe partekatzen duenaren jarrera; horrela da argia, hain zuzen ere, bere inguruan dauden guztiak naturaltasunez eta doakotasunez argitzen baitu.
Gordetzea, ezkutatzea, zikoitza izatea da, preseski, kontrako jarrera, modu egoistan metatzea bilatzen duenarena.
Jainkoaren erreinuaren ondasunei dagokienez, zenbat eta gehiago partekatu, hainbat eta gehiago jaso; berriz, gordetzen duenak gero eta gutxiago edukiko du (eduki uste duena ere kendu egingo zaio).
Antza denez, Jesusen arabera, bizitzaren sekretua, bizi poza, zoriontasuna eskuzabaltasunez partekatzean datza.
Aholku polita gaur bertan praktikan jartzeko!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.