HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 19
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak menditik alde egin eta Galilean zehar zebiltzan. Jesusek ez zuen hori inork jakiterik nahi, ikasleei irakastera emana baitzegoen. Honela ari zitzaien:
«Gizonaren Semea gizakien esku utziko dute; hil egingo dute, baina hil eta hiru egunetara piztuko da». Haiek, ordea, ez zuten ulertzen zer ari zitzaien; galdetzeak, berriz, beldurra ematen zien.
Iritsi ziren Kafarnaumera eta, etxean zeudela, Jesusek zera galdetu zien: «Zer eztabaida izan duzue bidean?» Baina haiek hitzik ez; beren artean handiena nor ote zen eztabaidatu baitzuten bidean.
Eseri egin zen Jesus eta, Hamabiei dei eginik, honela esan zien: «Lehenengo izan nahi duena izan bedi denetan azkena eta denen zerbitzaria».
Gero, haurtxo bat hartu, haien erdian jarri eta, besarkatuz, hau esan zien: «Honelako haur bat nire izenean onartzen duenak Ni onartzen nau, eta Ni onartzen nauenak, ez nau Ni onartzen, bidali nauen hura baizik».
§ Markos 9, 30-37.
Jesusek badarama denbora bere ikasleekin eta oraindik ez dute muina ulertzen. Ez zaio denbora askorik geratzen eta bere ikasleei irakastera emana dago, beste guztia utzita.
Irakaspenaren muina ez da ezer esoterikorik, ezkuturik; muina sotila bezain soila da: giza bizitzan badira gauzak hiltzen direnak eta badira behin betikoak direnak, Jainkoaren garaietan (hiru egunetara) bizirik (pizturik) daudenak.
Giza garaietako boterea eta arrakasta desiragarriak bezain ustelkorrak dira, behin behi nekoak; denetan azkena eta guztien zerbitzaria dena, ordea, Jainkoaren garaietan bizi da, behin betikotasunean.
Irakaspena planteamendua da eta, aldi berean, praktika. Praktikak erakusten du plan-teamendua ulertuta dagoela. Haurra sinbolo bat da, iraupen-gizartean (bizirauteko arazo materialak dituen gizartean) haurra gutxien baloratzen denaren sinboloa da. Siste-maren bazterrean dagoena onartzen duenak Jesus onartzen du bere bizitzan, Jesusekin bizi da, haurra baita bere sakramentua: Jainkoaren garai iraunkorretan bizi da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.