HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 18

Aldi hartan, herri guztietatik jendetza handia bildu zitzaion batean, Jesusek parabola hau esan zien: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, zapaldu egin zuten eta txoriek jan. Beste zenbait harri artean erori zen eta, erne orduko, ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne eta bateko ehun eman zuten fruitua».

Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Entzuteko belarririk duenak entzun beza».

Orduan, parabola honek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi. Honek honela erantzun zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ordea, parabolen bidez hitz egiten diet. Horrela, begiratu egiten dute, baina ikusi ez; entzun egiten dute, baina ulertu ez.

Hona, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren hitza da. Bide bazterreko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina deabrua etorri eta kendu egiten die hitza beren bihotzetik,sinetsi eta salba ez daitezen. Harri arteko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzutean pozik hartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian atzera egiten dute. Sasi artean eroritako hazia bezalakoak beste hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina bizitzako arduren, diruaren eta plazeren artean itota gelditzen dira eta ez dira iristen fruitu ematera.

Lur oneko hazia bezalakoak, berriz, hauek dira: hitza bihotz onez eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitua ematen dutenak».

§ Lukas 8, 4-15.

Sinestun onak eta zintzoak ere baditu bere zalantzak; ziur aski, oinarri-oinarrietako bat hauxe: Jainkoak gogo jakin bat al du niretzat? Hori horrela bada,  Jainkoa nola jartzen da harremanetan nirekin?; nola identifikatu dezaket gogo hori?

Parabola hau Jesusen komunikazioa da eta bertan sinbolizatzen da Jesusek nola esperimentatzen dituen bere Aitama eta berarekin duen harremana.

Jainkoaren erreinua da Jainkoaren gogoa, munduan eta pertsona bakoitzaren eremuan ereiten den hazia.

Pertsona bakoitzaren bizia, konplexua eta korapilatsua, alde eta garai askotakoa da. Alde batzuk bide-bazterrak bezalakoak dira: lekurik eta aukerarik gabe haziarentzat. Beste alde batzuk sustrairik gabekoak: hazia jausi eta berehalaxe ihartu egiten da. Sarri askotan, ardurek itotzen dute pertsonaren asmo on oro. Baina, nonbait, badago lur-soro onaren esperantza, hazia jasotzekoa: bihotz onez eta zabalez biltzen eta barnean iraupenez gordetzen dakiena. Orduan, Jainkoren erreinua, Jainkoaren gogoa pertsonaren eremuan sustraitzen hasten da fruitu ugari eman arte. Badirudi Erailea pazientzia han-dikoa dela; oparotasunez eta baldintzarik gabe ereitea da bere harremanaren ezkutuko estrategia.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.