HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 17
Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erreinuaren Berri Ona hots egiten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuta zuen zenbait emakume ere: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko; hauek beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.
§ Lukas 8, 1-3.
Jainkoaren erreinua, Jainkoaren ametsa, proposamena eta egintza; Jesusen bizia eta bere heriotzaren zergatia; gizadiarentzako Berri Ona, benetako bizipoz ezkutua.
Jainkoaren erreinua harreman mota bat da, non pertsona bakoitzaren bizitza duina balio nagusia den; hortaz, zenbat eta ahulago hainbat eta garrantzitsuago. Eskuzabaltasuna, zerbitzua, partekatzea eta konfiantza dira harreman mota horren markak.
Espiritu gaiztoa eta gaitza Jainkoaren erreinuari kontrajarriak daude; hots, beste harreman mota bat da, non balio nagusia ondasunak metatzean, norbere arrakastan, lehiakortasunean eta boterean datzan.
Maria Magdalakoak, Joanak, Susanak eta beste askok Jainkoaren erreinuaren Berri Onari harrera egin diote beren bizitzan. Horren seinalea da mundu berri bat estreinatzen ari direla, bere ondasunak partekatuz eta, Jesusekin batera, herriz herri eta auzorik auzo jendea zerbitzatuz.
Maria Magdalakoa, Joana, Susana, besteak beste, Jainkoaren erreinuaren bideetan aitzindariak eta maistrak ditugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.