HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Uztailak 16

Aldi hartan, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.

Honetan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen ari zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala. Jesusen atzean, oinen ondoan, jarri zen negarrez eta haren oinak malkoz bustitzen hasi zen; gero, ileaz xukatu eta musukatu ondoren, ukenduz gantzutu zizkion.

Hau ikusirik, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan hau zioen: «Gizon honek, benetan profeta balitz, jakin beharko luke zer-nolakoa den bera ukitzen ari den emakumea, bekataria baita».

Jesusek honela esan zion: «Simon, badut zuri esateko zerbait». Hark erantzun: «Esazu, Maisu».

«Mailegu-emaile batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta beste-ak berrogeita hamar. Nondik ordaindu ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zei-nek izango ote du maiteen?» Simonek erantzun zion: «Gehien barkatu zaionak, nik uste». Eta Jesusek: «Zuzen diozu».

Eta, emakumearengana itzulirik, Simoni hau esan zion: «Ikusten al duzu emakume hau? Zuenean sartu naizenean, zuk ez didazu oinak garbitzeko urik eman; honek, be-rriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu. Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz gantzutu; honek, berriz, oinak ukenduz gantzutu dizkit. Hau diotsut, beraz: hainbeste-ko maitasuna agertzen duenean, bekatu asko barkatu zaion seinale da; gutxi barkatu zaionak maitasun txikia agertzen du». Eta emakumeari hau esan zion: «Barkatuak dituzu bekatuak».

Beste bazkaltiarrak beren artean zera esaten hasi ziren: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?»

Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean».

§ Lukas 7, 36-50.

Testu honetako drama guztia mahaiaren inguruan gertatzen da. Mahaia ohiko objektu funtzionala ez ezik, leku sinbolikoa ere bada, non harremanen bilbea edo trama ehuntzen den. 

Mahaian egoteko modua adierazgarria da.

Fariseua da gonbidatzailea; ziur aski, pertsona ona,  Jesusen berri onera zabalik, neurritsua,  jakintsua;  egoera bakoitza modu egokian eta orekatuan juzkatu nahian beti; Jesusen portaerari adi dago.

Emakumea ez da fariseuak gonbidatua; gogaikarria mahaian, baina Jesus egiaztatzeko aukera paregabea; jakintsua da fariseua. Emakumea ez da neurritsua: bere ondasunik preziatuena (hartzurizko ontzia) baliorik gabeko lekuan xahutzen du (oinetan); negar batean dago; ondo zaindutako ilea oinak xukatzeko erabiltzen du. Bekataria herrian, gogaikarria mahai ondraduan.

Jesusek onartu du fariseuaren gonbidapena; baina, halako batean, emakumearekin beste mahai bat osatzen du, beste harreman mota bat, emakumearen maitasunak eragindakoa eta Jesusek onartua.

Fedea harremana da, Jesusen mahaian ehuntzen den harremana. Eta mahai horretan egoteko bi modu sinboliko daude: jakintsuarena, harreman neurritsua, bata;  emakumearena, neurririk gabeko maitasunezko  jarrera, bestea. Emakumearen fedeak (erlazionatzeko moduak) osasuna (salbazioa) dakar.

Luzio Uriarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.