HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 15
Aldi hartan, Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea eta Maria Magdalakoa. Jesusek, bere ama eta honen ondoan maite zuen ikaslea ikusirik, honela esan zion amari: «Emakume, horra hor zeure semea!» Gero, ikasleari: «Horra hor zeure ama!»
Eta orduz gero ikasleak bere etxean hartu zuen.
§ Joan 19, 25-27.
Jesus izan zen eta betiko izango zen. Berri Ona ez zen sortu inondik inora hitzaldi abstraktu batetik, Berak zabaldu eta utziriko mezua ez zen doktrina bat izan. Berarekin, bertatik bertara eta aurrez aurre luze egotetik ernatutako lagunartekotasun estu-estutik sortu zen guztia.
Bere azken hatsa eman aurretik ere, bizipen horiek beren horretan ematen ari ziren. Bere azkenetan, horrelako sufrikario batean, bere ondoan ezin gertuago, eta ezin kemen handiagoz, Berari laguntzen egon ziren horiek gerora Eliza izango zen horren oinarriak izan ziren. Izan ere, Jesusek zabaldu zigun bidea, Elizan hezurmamitua, lagunartekotasunean, pertsonen arteko maitasunaren baitan eman ahal izan da. Jesusek aitorpena eman zien bere benetako jarraitzaileei: “Emakume, horra hor zeure semea!” Eta gero ikasleari, “Horra hor zeure ama!” Horrela iritsi zaigu, bi mila urtetan zehar, Jesusen Mezua, Berari buruzko testigantza, belaunaldiz belaunaldi, pertsonen artekotasun maitasunezko eta bizi horretatik. Jesusekin bat-bat eginik hasierako ikasleek bizi izandako esperientzia, guk geuk ere, Espirituak diharduen maitatu gaituzten pertsonen bitartez ari gara bizitzen bi mila urte pasata ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.