HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 13

Aldi hartan, Jesus, herriari egindako hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zen. Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen, oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. Ehuntariak, Jesusen berri entzunik, judu buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz.

Haiek, Jesusengana joanik, arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du Zuk hori egitea, maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere».

Jesus haiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak, zera esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregatik, ez naiz ausartu neu zugana joaten; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko. Nik ere, neu besteren menpean egon arren, soldaduak ditut neure menpean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du»

Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendearengana itzulirik, hau esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinesmenik». Mandatariak etxera itzuli zirenean, sendatua aurkitu zuten morroia.

§ Lukas 7, 1-10.

Bihotz apaltasuna dugu aurre-baldintza, Jesusen mezuak, bere presentziak, haren espiritu sendagarriak barne-hartu, eraldatu eta senda gaitzan. Benetako barne apaltasunak eramaten gaitu Berari harrera zintzoa egitera.

Berarentzat duin ez garen ustean garenean, egin du jada eta egiazki erro gugan bere presentziak. Iniziatiba, aurretiazko gonbita, beti Berarena izango da. Ehuntariak aginduez -berak zeini agin diezaiokeen edo ez- diharduenean, guk eskaerez mintzo beharko genuke. Berez, ez gara inor Jesusi, Jainkoari, erreguka hurreratzeko; aldi berean baina, horretarako duintzen gaitu Jesusek; horretan datza bere handitasuna, Berarenganako duin bilakatzen gaituela. Berarengan zinez sinestea da mirari horretarako atea.

Gerora fede horretatik segi daitekeen guzti-guztia bigarren mailako izango da; izan ere, eskatzen diogun momentutik, ehuntariak egin zion bezala,  jada dugu eskaera betetzea baino askoz gehiago, Jainkoari sinesmen zintzoenetik eskatzeko adorea bera. Eskatzeak, horretarako fedea izateak, eskatutakoaren balioa huskeria mailan uzten du.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.