HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 10

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Izan ote daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ote dira biak zulora eroriko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adinakoa izango da.

Nolatan ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Nolatan esan diezaiokezu senideari “Adiskide, utzidazu begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun habea ikusten ez duzula?

Itxurazalea halakoa! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».

§ Lukas 6, 39-42.

Bizia gorde nahi badugu, bizia galdu beharko dugu; Berari jarraitu ahal izateko geure burua ukatu beharko dugu…horrelakoak eta beste zenbait luzatzen dizkigu etengabe Jesusek. “Ni” apaldu bat, proiektu, asmo eta nahikeria guztiak oso bigarren mailan utziko dituena, are bere kezka eta bizi-motibazioak bertan bera uzteko prest dagoena, nahi du Jesusek.

Horrelako egoera berri batean nor ausartuko lagun hurkoa epaitzera, nor izango gai hau edo bestea leporatzeko? Dena galtzera deituak garen horretan, Jesus irabaziko badugu; izan ere, Berak geure bizitza-erdigunea bete behar du, gure bizitzan sartuko bada. Eta behin Jesusen Espirituak gure bihotza bete-betean hartu duenean, nor ausartuko Berak gurekin egin ez duen hori egiteko?

Berari jarraitzea Berak har gaitzan uztea, hortaz Berak egindakoari segida ematea baizik ez da. Saia gaitezen, hortaz, Bera gutaz urrikal dadin behar besteko apaltasunera jo dezagun, utz dezagun bere harrerak eta barkamen guztizkoak handiuste eta buru-segurtasun harro orotatik aterarazi gaitzaten, eta hortik segitzen den energia bizi emaileaz egunez egun Beraren begiradaz so egiten, beraren bihotzaz lagun hurkoari begiratzen.  

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.