HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 9

Aldi hartan, Jesusek hau esan zien ikasleei: «Hau diotsuet zuei, entzuleoi: Maita itzazue zeuen etsaiak, egin on gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde. Masail batean jotzen zaituenari eskaini bestea ere; soingainekoa kentzen dizunari ez ukatu jantzia ere. Eskatzen dizun edonori eman, eta zeurea kentzen dizunari ez itzularazi. Eta besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei.

Maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitaleak. Eta on egiten dizuetenei bakarrik egiten badiezue on, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste. Eta ordaina har tzekotan bakarrik ematen baduzue maileguz, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratu ohi diote elkarri, dagokiena hartzekotan.

Ez! Zuek maitatu etsaiak, egin on eta eman maileguz, ordainari begiratu gabe; handia izango da zuen saria eta Goi-goikoaren seme-alaba izango zarete, ona baita hura esker txarrekoentzat eta gaiztoentzat. Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala.

Ez gaitzetsi inor, eta Jainkoak ere ez zaituzte gaitzetsiko; ez kondenatu, eta ez zaituzte kondenatuko; barkatu, eta barkatuko dizue; eman, eta emango dizue: neurri betea, sakatua, estutua eta leporainokoa emango dizue altzora. Izan ere, zuek zein neurriz neurtu, halakoaz neurtuko zaituzte Jainkoak».

§ Lukas 6, 27-38.

Jesusi jarraitzeak berekin dakar muin-muinean eskakizun morala. Ez nolanahikoa baina. Izan ere, Jesusek gertuenekoekin baino ez diharduen moral edo maitasuna gainditzera deitzen digu. Zer meritu du baina soil-soilik lagun eta senitarteko gertukoak maitatzeak? Hori berezkoa dugu; psikologoek kontserbazio-senari darraion giza joera baino ez dela esango digute. Guztiz beste muturrean dago Jesusen erronka, are geurez inoiz inola bururatuko ez zaigun horrainokoan ere. Etsaiak maitatzeko? Maileguan emateko trukean inongo ordainsaririk jasotzeko itxaropenik gabe? Nola baina? Ba al dago giza izaeratik horrelakorik egiterik?

Bada, hor jartzen digu Jesusek erronkaren maila eta neurria. Baldintzarik gabeko maitasuna, berezko egoera, joera edota kalkulurik gaindituko duen besteenganako geure buru-emate zintzoenaren erronka hain justu. Horrelakoa izan zen hain zuzen ere Jesusen bizitza-ibilbidea; erlijioa bera gainditu zuen alderik alde, ez barru, ez kanpo, ez judutar, ez arrotz, ez garbi ez bekatarien artean bereiziko ez duen mugarik gabeko bazkal ingurura den-denok deituz.

Ez dugu samurra hori geurez egitea, argi dago. Hori da baina Jesusi jarraitzea. Gu aurrez, eta ezein baldintzarik gabe, maitatu gaituen Jainkoari, Berari, geure bihotza zintzoki zabalduz, gerora, guk geuk ere, bere presentziaren indarraz,  halakotik pixkana-pixkana gero eta gehiago izan dezagun.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.