HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 8
Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorri-liburua.
Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek Dabid erregea.
Dabidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekiasek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta honen anaiak sortu zituen.
Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen, Salatielek Zoroba-bel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, berriz, Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana.
Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen.
Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta hau esan zion: «Jose, Dabiden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik».
Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zen: «Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emanuel ipiniko diote izena (Emanuel izenak “Jainkoa gurekin” esan nahi du)».
§ Mateo 1, 1-16.18-23.
Ez dakit konturatzen garen zeinen garrantzitsua gertatzen den salbamen historia baten partaide garela jakitea.
Kontua ez da Jainkoa baden ala ez, kontua ez da Jainko horren ezaugarriak zeintzuk ote litezkeen. Judutarrek Jainkoari buruz pentsamendu edo kontzeptu gutxi eman dizkigute. Kontatu digutena beraien historia izan da, eta historia horretan Jainkoa bere izatea azaltzen joan da, baina beti ere herriari dagokionez. Holako zerbait esanez bezala: “guk ez dakigu Jainkoa nor den eta nolakoa den. Guk dakiguna da guretzat nor izan den eta gure alde zer egin duen”.
Horregatik judutarrek beti aurrez gertatutakoen oroitzapenera joko dute, profetengandik hasi eta beraien otoitza eta jaiak gertatuak gogoratzeko izango dira.
Eta gaur, Jesusen jaiotza historia horren barnean kokatu zaigu, salbamen historia genealogia bidez azalduz. Jesus Jainkoak historian izan duen salbamen asmoa betetzera dator. Bera da salbatzailea. Bera “Jainkoa gurekin”.
Baina salbamen historia hori Jainkoak ez du goitik, kanpotik, gizakiagandik at burutzen, baizik eta Mariarekin bezala, bere baimena eta parte hartzea eskatuz. Salbamen historia maitasun historia dugu, eta maitasunak gure gizatasuna betetasunera darama. Horregatik esango digu Mariak handiak egin dituela Jaunak bere ezerezean.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.