HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 7

Aldi hartan, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: Simon –honi Pedro izena ezarri zion– eta honen anaia Andres,

Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote zeritzana–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izan zena.

Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalendik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta beren gaitzetatik sendatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendatu egiten ziren. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, halako indar bat baitzerion, denak sendatzen zituena.

§ Lukas 6, 12-19.

Jesusek beti Aita hartzen du kontuan. Berak esango digu bere egite guztia Aitaren nahia betetzera mugatzen dela. Eta horregatik hainbat aldiz aurkitzen dugu otoitzean. Ez da otoitz gizona, gaur egun ulertu ohi dugun eran, eguneko ordu asko horretan ematen dituena, baizik eta bere egintza guztiak Aitaren Espirituari jarraituz betetzen dituena.

Eta Espiritu horri jarraiki ikasleak aukeratzen ditu, bere inguruko talde kutuna izateko.

Gaur egun kosta egiten zaigu hau onartzea, ez garela gu lehen pausoa eman dugunok, ez garela gu Jesusi jarraitzea erabaki dugunok, baizik eta Bera aurreratu zaigula, bereak garela Berak nahita. Eta ez gure balioengatik, ez gure koherentziagatik -begira diezaiegun Jesusek aukeratutakoei banan banan eta ikus zer nolako laguntaldea gertatuko den: beraien arteko liskarrak, saldukeriak, ukoak, ihesak…-; ez, ez da gugatik, baizik eta bere maitasunagatik: maitasun hutsez aukeratuak izan gara.

Hori da Jesusen indarra, Aitagandik jasotako Espiritua, jendea harriturik uzten duen Espiritua, gaixoak sendatzen eta espiritu gaiztoak uxatzen dituen Indarra. Jesusen ikasle eta jarraitzaile gara bere maitasunak irabazi gaituelako. Hori da gure indarra.

Jexus Artola 

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.