HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 6

Beste larunbat batez, Jesus sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. Bazen han eskuineko besoa elbarria zuen gizon bat.

Lege-maisuak eta fariseuak zelatan zegozkion, larunbatez sendatuko ote zuen, zertan salatu izateko. Jesusek, haien gogoetei igarririk, beso-elbarriari hauxe esan zion: «Jaiki eta zatoz hona, erdira». Hura jaiki eta zutik gelditu zen.

Jesusek honela esan zien orduan: «Galdera bat: larunbatez zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala hondatzea?»

Eta, inguruko guztiei begira, «Luzatu beso hori» esan zion gizonari. Hark luzatu egin zuen eta sendatu egin zitzaion.

Lege-maisuak eta fariseuak beren onetik atera ziren eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.

 

§ Lukas 6, 6-11.

Zergatik Jainkoarengan sinesten dugula diogunok hain zorrotzak gertatzen gara gure iritzietan, gure epaietan? Jainkoa babesteko edo defendatzeko, zergatik gutxiesten dugu gizakia?

Jesusek epai baten aurrean jarri gaitu: larunbatez zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala hondatzea? Eta, noski, guztiak isildu egiten dira. Galdera hori Jesusek “larunbatez” izan ordez “astelehenez” egin izan balu ez legoke inongo zalantzarik. Baina larunbata Jainkoaren eguna da, Jainkoaren atseden eguna. Ezin dugu Jainkoa “lanean” jarri larunbatez. Ala bai?

Erabakia ez da errukia ala Jainko Legea, ez da gizakiaren alde ala Jainkoaren alde; baizik galdera hau: Jainkoa nor da? Edo beste era batera esanda, nola jokatuko luke Jainkoak berak? Eta hementxe dago gakoa: Jesusekin sutan jartzen dira, beraien ustez jaso duten Jainko Legea, Jainko Hitza, sakratua delako, ukitu ezina.

Eta Jesusek epai horretan Jainkoaren apustua bestea dela dio, gizakiaren bizia salbatzea dela dio. Hainbat profetek ere horrela azpimarratu zuten.

Baina hori baztertu eta Jainkoa leku sakratuetan zeinen erraz bilatzen dugun, gizakiari bizia salbatzea ahaztuz.

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.