HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 5
Aldi hartan, utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barna, Galileako itsasora itzuli zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar.
Gizon gor eta hitz-motela eraman zioten eta eskua gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jendeagandik aparte harturik, hatzak belarrietan sartu zizkion eta listuz mihia ukitu. Ge-ro, zerurantz begiratuz, hasperen egin eta honela esan zion: «Effeta» (hau da, «ireki»). Eta une berean, belarriak ireki zitzaizkion, mihia askatu eta garbi hitz egiten hasi zen.
Gertatua inori ez esateko agindu zien Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta areago zabaltzen zuten.
Biziki harrituta, hau zioten: «Ondo egin du dena: gorrei entzun ahal izatea eman die eta mutuei hitz egitea».
§ Markos 7, 31-37.
Ebanjelioko pasarteetan hainbat aldiz ikus genezake Jesusi aurrera dakarzkiotela era ezberdinetan sufritzen ari diren pertsonak. Holakoetan, Jesusek beste eginkizun guztiak albo batera utzi eta pertsona askatzen, salbatzen, zutik jartzen ematen du denbora. Hori baita bere egitekoa, pertsona bere osotasunean sendatzea.
Gaurko honetan gormutu bat dakarkiote. Gutxitan kontatzen digute ebanjelioek sendatze prozesua, baina oraingo honetan detaile ugarirekin. Estreina, jendearengandik bereizi. Batetik, bere egitekoa ez delako espektakulua ematea; baina hori baino gehiago, harremana beti berezia, pertsonala delako. Eta kasu honetan gainera, ez entzun, ez hitz egin, bere baitan sarturik bizi den pertsonarekin aurrez aurre jartzen da Jesus. Eta orduan dator sendaketa, harreman pertsonal horren baitan: hatzak belarrietan eta listua mihian. Bere ezinarekin, bere minarekin, bere baitan itxirik dagoen horrekin guztiz bat egiten du Jesusek. Eta asperen eginez, bere izate guztia inplikatuz, Jesusen hitza: “Effeta”, ireki hadi!
Izan ere, gure historian, gure izatean, gurekin guztiz bat egiten denak bakarrik aska gaitzake, berak bakarrik eman diezaguke bizia.
Bai, Jesusek dena ondo egiten du, bakoitza guztia garelako berarentzat.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.