HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 3
Aldi hartan, fariseuek eta lege-maisuek esan zioten Jesusi: «Joanen ikasleek sarri egiten dute barau eta otoitz, baita fariseuen ikasleek ere; zureak, ordea, jan eta edan ari dira».
Jesusek honela erantzun zien: «Nolatan nahi duzue ezteietara deituek barau egitea, senar berria berekin dutelarik? Etorriko zaie, bai, senar berria kenduko dieten eguna; orduan, egun hartan, egingo dute barau».
Parabola hau ere esan zien: «Inork ez du jantzi berririk urratzen, zaharrari adabakia ipintzeko; bestela, jantzi berria hondatu egingo litzateke, eta zaharrari ez litzaioke berriaren adabakia egoki etorriko.
Ez du inork ardo berririk sartzen ere zahagi zaharretan; ardo berriak zahagiak lehertu egingo lituzke; ardoa isuri egingo litzateke eta zahagiak galdu. Ardo berria zahagi berrietan sartu behar da. Ardo zaharrarekin ohitua dagoenak ez du berririk nahi, “zaharra hobea duk” esaten baitu».
§ Lukas 5, 33-39.
Gaur egun gehien kostatzen zaiguna Jesusen berritasunaz jabetzea da. Bai, tipo jatorra da, eredugarria, historian izan diren guztien artean top10ean jarriko genukeena, erlijio sortzaileen artean ere berezia, maisua, profeta, iraultzailea… Baina horretan geratzen gara. Zergatik ez da berdina Joani jarraitzea edo farisearrei jarraitzea edo ez dakit nori jarraitzea eta Jesusi jarraitzea?
Zer dauka Jesus honek ardo berria izateko? Farisearrek ez dute berritasun hori nabari, eta gutako askok ere ez, nahiz eta kristau senti. Joan berari ere kosta egin zitzaion: “Zu zara etortzekoa zena ala beste bat itxaron behar dugu?” Jesusek berritasun hori bere pertsonarekin lotzen du. Ez irakatsiekin, ez etikarekin, ez erreinuaren idealekin, ez balioekin…, baizik Berarekin: “jarrai niri”, esango die. Eta Berari atxikitzen zaionak, Berarekin jan eta edaten duenak jakingo du, bai, zergatik den jantzi berria. Eta jakingo du ere beste guztiengandik zein berezia eta bakarra den.
Jesusen berritasun hori berreskuratu beharrean gaude. “Baina, nor zara Zu?” harriduraz galdetu beharrean. Izan ere, harridurak bakarrik eramango gaitu senar berriaren ezteiak ospatzera.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.