HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 2

Aldi hartan, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret aintzira-ertzean zegoen Jesus. Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen txalupa haietako batera, Simonenera, eta lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Gero, eseri eta txalupatik jendeari irakasten jardun zuen.

Hitzaldia bukatzean, esan zion Simoni: «Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun zion: «Maisu, gau osoan eginahalak egin eta ez dugu ezer harrapatu; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak». Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zuten, sareak lehertzeko zorian baitzeuden. Beste txalupako lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia-ia hondoratzeraino.

Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu zen Simon Pedro, honela esanez: «Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta». Izan ere, zur eta lur zeuden Simon eta harekin ziren guztiak, eginiko arrantzuagatik, eta gauza bera gertatzen zitzaien Simonen arrantzu-lagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara».

Haiek txalupak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

§ Lukas 5, 1-11.

Aste osoan galdera bat jarriko zaigu aurrez aurre: “Nor da hau?” Pasartez pasarte une eta egoera ezberdinetan agertuko zaigu Jesus bere eginetan, bere hitzetan, bere jarreretan… Eta ikasleoi, jarraitzaileoi, irakurleoi, Jesus nor den agertzen joango zaigu. Ez dezagun erantzun azkarrik bila, baizik eta bere misterioan barneratzen joan gaitezen.

Bizitza osoa arrantzuan eta lehorreko batek irakatsi behar. Horrelakorik! Baina halaxe gertatu zitzaidan. Nik, Pedro, entzuten nion, eta bere hitzek halako zirrara sortzen zidaten barnean. Ez, ez zen ez edozein hitz, barne barnetik harrapatzen zaituen hitza baizik. Eta hala, itsas barnera jotzeko eskatu zidanean, entzundakoa hausnartzeko, neure egiteko aukera izango nuela pentsatu nuen. Baina Berak “bota sarea” esan zidanean, ezin nuen sinetsi. Arrantzalea ni nintzen, nik nekien horretaz, eta gau osoa horretan saiatua nintzen gainera, eta han ez zegoen arrainik.
 
Hala ere, Bera begira jarri eta, nola uko egin? Bere begiradak, bere esateko erak… eta sekula ikusi gabea gertatu zitzaidan. Zer zen hura! Bai, gizon hark bazuen bai indarra bere hitzetan. Esan eta gerta, esan eta bete. Nola ez nintzen, bada, belauniko jarriko bere aurrean eta nigandik urruntzeko eskatuko? Nor nintzen ni berarekin egoteko? Nor ginen gu? Arrantzale langile soilak, gizon kaxkarrak… inolaz ere merezi ez genuenok halako graziarik, halako lagunik. Ez zen arrantzuaren handitasuna, Bera zen gu erabat gainditzen gintuena. Nola ez, bada, senti ezerez, nola ez senti bekatari, nola ez senti egiaz sakratutasunik handienaren aurre-an geundela? Noski, lehorreratzean, ez genuen beste asmorik Berari jarraitzea baino.
 

Jexus Artola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.