HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 1

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten.

Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari, eta sukarrak alde egin zion. Berehala jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien amaginarreba.

Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen.

Askorengandik deabruak ere ateratzen ziren, deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!» Jesusek zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela.

Eguna argitu orduko, atera eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, alde egin ez ziezaien. Baina Jesusek esan zien: «Gainerako herrietan ere adierazi beharra dut Jainkoaren erreinuaren Berri Ona, horretara bidali bainau Jainkoak».

Eta Judeako sinagogetan ibili zen Berri Ona hots egiten.

§ Lukas 4, 38-44.

Ez dut denborarik ezertarako! Barka, baina ezin izango dut hori egin, lan guzietara iristeko astia falta zait! Zenbat aldiz esaten dugun hori jakin ere ez dakigu. Eta ia inor ez da harritzen, mundu guztia berdin ibiltzen baita. Dena da abiadura, korrika, estutasuna.

Jesusek bestelako irudia ematen du beti. Lasaitasuna, patxada, adeitasuna esaten zaiona entzuteko, egoerekin ohartzeko, jendearekin aritzeko eta, behar izanez gero, laguntzeko prest egunez eta gauez ere. Baina era berean bazekien, jendearengandik  aldenduz, bakardade uneak bilatzen otoitz egiteko eta, bide batez, beste lurralde batzuetan Berri Ona zabaltzeko.

Geuk ere, barrua lasaituz, astialdiak bilatu behar ditugu, aukera izan dezagun Jesusen babesaz, non gauden eta hemen zertarako gauden ez ahazteko eta egin behar duguna bideratzeko.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.