HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 30
Aldi hartan, Jesus Nazaretera, bera hazitako herrira, joan zen, eta larunbatean, ohi zuenez, sinagogan sartu eta zutik jarri zen irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten eta, irekitzean, pasarte hau aurkitu zuen:
«Jaunaren Espiritua nire gainean dago,
hark gantzutu bainau, behartsuei Berri Ona emateko.
Gatibuei askatasuna eta itsuei ikusmena hots egitera bidali nau,
zapalduei askatasuna ematera,
Jaunaren onginahi-urtea hots egitera».
Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman eta eseri egin zen. Denak sinagogan begira- begira zeuzkan.
Jesus honela hasi zitzaien: «Gaur bete da orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau». Denek Jesusen alde hitz egiten zuten eta harriturik zeuden Jainkoaren onginahiaz esaten zituenengatik. Baina hau zioten: «Ez al da, ba, hau Joseren semea?»
Orduan, Jesusek esan zien: «Harako esaera hura gogoraraziko didazue, noski: “Sendagile, sendatu zeure burua”, eta esango: “Egitzazu hemen ere, zeure herrian, Kafarnaumen egin omen dituzun gauzak”».
Eta erantsi zuen: «Hara Nik egia esan: Ez da profetarik bere herrian onartua denik. Egiaz esaten dizuet: Bazen emakume alargunik asko Israelen Eliasen garaian, hiru urte eta sei hilabetez euria egin gabe egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; hala ere, Jainkoak ez zion haietako inori bidali Elias, Sidon herrialdeko Sareptako alargunari baizik. Eta bazen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren garaian; hala ere, ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman baizik».
Hauek entzutean, sinagogan zeuden guztiak amorruz bete ziren. Eta jaikirik, Jesus herritik kanpora atera eta herria eraikia zegoen mendiko amildegira eraman zuten, handik behera botatzeko asmotan. Baina Jesus haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.
§ Lukas 4, 16-30.
Gure bizitzan zenbat aldiz gelditzen gara lagun eta lankideen artean gaizki jausiko dela eta, pentsatzen duguna esan gabe? Edo, hartu behar dugun erabakia aurrera eraman gabe? Bestalde, denoi gustatzen zaigu ondo gelditzea inoren aurrean, eta hori lortzeko zenbat ekintza ez ote ditugu bideratzen!
Indar handia du gaurko Ebanjelioak agertzen duenak. Jesusek sobera zekien norberaren herrian ez dagoela onartua den profetarik. Hala ere, ez du beldurrik, non eta bere herriko sinagogan, bera nor zen eta bere misioa zein zen herrikideei argi azaltzeko. Ez zen lausenguen bila joan, eta berak bazekien esaten zituenak gaizki hartuak izango zirela eta, ondorioz, heriotzeraino eraman nahi izango zutela.
Jesusen eredua bezalakorik ez dago. Bere bidea garbi azaldu zuen eta jarraitzen du erakusten geuk ere beldurrik gabe zuzentasunez nondik joan behar dugun argituz eta lagunduz.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.