HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 29

Aldi hartan, fariseuak eta Jerusalemdik etorritako lege-maisu batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi, eta ikasleetako batzuek esku kutsatuekin – hau da, eskuen garbikuntza egin gabe– jaten zutela ikusi zuten. Izan ere, fariseuek, eta juduek oro har, ez dute jaten lehenbizi eskuak arretaz garbitu gabe, zaharren ohiturari tinko eutsiz. Azokatik etxeratzean ere, ez dute jaten garbikuntza egin gabe; eta badute ohiturazko beste hamaika betebehar: hala nola, edalontzi, pitxer eta suilen garbiketa. 

Horrela bada, fariseuek eta lege-maisuek galdetu zioten Jesusi: «Zergatik ez dute zure ikasleek zaharren ohiturari dagokionez jokatzen? Nolatan jaten dute esku kutsatuekin?» Jesusek erantzun zien: «Itxurazaleok halakook! Ederki asko esan zuen zuetaz Isaias profetak, honako hau idatzi zuenean: 

“Herri honek ezpainez ohoratzen nau, 

baina nigandik urruti du bihotza; alferrik naute gurtzen, 

hauen irakaspena giza agindu hutsa da”. 

Zuek, Jainkoaren agindua bazterrera utzi eta giza ohiturari eusten diozue». 

Jesusek jendeari berriro dei egin eta esan zion: «Entzun denok eta ulertu ongi. Ez da ezer, kanpotik gizakiaren barrura sartuz, hau kutsa dezakeenik; barrutik ateratzen zaionak, horrek kutsatzen du gizakia». 

Eta gaineratu zuen: «Barrutik ateratzen denak, horrek bai egiten duela gizakia zikin. Izan ere, barrutik, gizakiaren bihotzetik, ateratzen dira asmo txarrak, lizunkeria, lapurretak, hilketak, adulterioak, dirugosea, gaiztakeriak, maltzurkeria, lasaikeria, bekaizkeria, irainak, harrokeria, burugabekeria. Gaiztakeria hauek guztiak barrutik ateratzen dira, eta hauek dute kutsatzen gizakia». 

§ Markos 7,1 – 8.14-15.21-23.

Iraganean lotuta ez geratzeko                                                                     

Badakigu iraganean murgilduta geratzeak nostalgia eta amets galduetara garamatzala, eta putzu horretatik irten behar dela. Iraganera joan egiten da, jada guregandik urrundu zelako. Baina ez soilik joan, ekarri ere egin genezake iragana. Nola ekartzen den, zertara ekartzen. Hor gakoa. Izan zenaren eta jada joan denaren ezberdintasuna aberasgarri gerta dakiguke gure oraingo moldeak ez jainkotzeko.

Baina iragana eskuratu nahian errepikapenaren erraztasunera jo ezkero, errepikatze berak zabala dena moteldu egiten du. Jesusek bazekien egun bakoitzak, une bakoitzak, pertsona bakoitzak zerbait berria azaleratzen duela, eta adi egotea dagokigula uneoro sortzen ari denaz. Zergatik? Sortzen ari den edozerri aurretik sortua izan zenari bezain harrera argitsua eman behar diogulako. Bizia beti sortze apal eta sakonean ari baita. Hortik ere Espirituak egiten du leku berri.

Hala ere, ez ditugu berritasunak bilatze saioan ibili behar, handik edo hemendik gurera bere kabuz ere etorriko zaizkiguelako. Baita kristau ikusmira eta bizipenetan. Biziak dakarkigun gehiena balioesten badugu, ez gara etikaren muinetik urrun ibiliko. Eta etika izan dadila haratago lekuak zabaltzen dizkigun atea, eta ez burdin gogorreko sarraila.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.