HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Abuztuak 27
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Zeruetako erreinuarekin, beren kriseiluak eskuetan hartu eta senargaiari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. Senargaiak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.
Gauerdian oihu bat entzun zen: “Badator senargaia; irten zakizkiote bidera!” Jaiki ziren neskatxa guztiak, eta beren kriseiluak prestatu zituzten. Orduan, zentzugabeek esan zieten zentzudunei: “Emaguzue olio-pixka bat, kriseiluak itzaltzen ari zaizkigu eta”. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa geuretzat eta zuentzat; hobe duzue, badaezpada, dendara joan eta erosi”.
Baina, erostera joanak zirelarik, senargaia iritsi zen, eta prest zirenak ezteietara sartu ziren harekin. Eta atea itxi zuten.
Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, Jauna, ireki!” Baina hark erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.
Egon, beraz, erne, ez baitakizue, ez eguna, ez ordua».
§ Mateo 25, 1-13.
Bidekoak bai, baina…
Ditugun asmoei garrantzia eta lekua ematen diogu ia etengabe. Asmoak bultzatu egiten gaituzte. Helburuak aukeratuz eta irrikatuz sentitzen baita nahi duzuna izatera hel zaitezkela. Zer hautatu, hura gauzatu nahi, gure ahalmenak zerbait betegarri entzuten du giro horretan. Lortu nahi duzuna ahaleginduz ernatuko zaizu barneko erregai bizi eta sendo bat. Gogoa, iturri; desiratutakoa, ibiltzeko modukoa. Badakigu, bai, gizakiak desioko izaki garela.
Ezkontza aurreko une haietan zain zebiltzan neskatxak geu ere bagara. Festarik festa ez, noski. Baina bai etorriko denaren itxaropen eta promesean. Bideak deitu egiten gaitu. Eta jada bidera emanak gabiltza. Baina, nola emanak? Nola irteten gara bidera?
Neskatxa haien arteko bereizgarria olioa suertatu zen. Kontakizunaren erdia baino gehiago ematen zaio kriseiluak eta olioaren aipatzeari. Batzuk erregai hori berekin zutela, beste erdiak ez. Ekintza onak dira olioa izan/ez izanaren esanahi eta ulerbidea. Soka horretatik dator: “ez dakit nor zareten”, eta “ez zaituztet ezagutzen”. Bestela dirudien arren, ekintza onak erabakigarri izango zaizkigu. Nahiz eta batzuetan uste izan “hor gu hemen, bidean galduak” gabilela.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.