HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 26

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Zaudete erne, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna. Hartu hau gogoan: etxeko nagusiak baleki gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, erne egongo litzateke eta ez luke bere etxea zulatzen utziko. Egon, bada, prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea.

Izan zaitezte morroi leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna eman dion morroia bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina beste morroi gaizto hura, nagusiak luzatu egingo duelakoan, bere morroi-lagunak jotzen eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, eta gogor zigortuko du eta itxurazaleek merezi dutena emango dio. Han izango da negarra eta hortz-karraska!»

§ Mateo 24, 42-51.

“Zaudete erne!” Egia esan, hitz hauek ez dute beste esplikaziorik behar. Jesusek zera gogoratzen digu, kristau izatea ez dela une bateko kontua, edota noizean behin egin daitekeen zerbait.

Eta horrek gure begirada aldatzea eskatzen du. Inguratzen gaituen mundua ikusi, bizi dugun gertuko mundu horretan erreparatu, eta Jesusen begiradarekin begiratzea eskatzen du. Non daude Jesusek hain maite dituen azkenak? Ikusten al ditugu? Beharbada ez ikusiarena egingo dugu, edota ez gaude begiratzeko prest ere, nahikoa dugu eta geure arazoekin.

Egon gaitezen bada erne, gure inguruan Jesus presente egiten delako, ez dakigu noiz, ez dakigu nola, gure laguntza eskatuz. Horrela gu ere “morroi leiala eta zentzuduna bezalakoa” izango gara berak mundu honetatik deituko gaituen egunean.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.