HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 24

Aldi hartan, Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion: «Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zutena aurkitu dugu: Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa». Natanaelek esan zion: «Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?» Felipek erantzun: «Zatoz eta ikus».

Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?» Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zinela, ikusi zintudan».

Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu». Eta esan zion, gainera: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gain».

§ Joan 1, 45-51.

Jesusekin topo egin duen Felipek Jesusen berri ematen du. Jesusekin topo egitea berarekin esperientzia egitea da. Jesus ez da ideologia baten jabea, ez da hizlari profesional bat, ez du beretzako ezer nahi. Hitza Haragi egin da beregan, baina nola azaldu hau, nola esplikatu zer gertatzen den gugan Jesusekin topo egiten dugunean.

Eta esperientzia egiten ez dugun bitartean, hamaika arrazoi aurkitu ditzakegu ezezkoa esateko, eta horietako bat da Natanaelek diona: “Nazaretetik atera ote daiteke ezer onik?”

Kontua ez da arrazoi hau sakona den ala ez aztertzea. Felipe ez da eztabaidan sartu, ez da hitzez konbentzitzen saiatu. Esperientzia bat bizitzera gonbidatzen du: “Zatoz eta ikus”. Gu ere esperientzia bizitzera gonbidatuak gaude, Jesusekin topo egitera gonbidatuak gaude, eta horra hor nire gonbidapena. Eta zu, prest al zaude? ausartzen al zara?

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.